
Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen sinposioan, besteak beste, Euskal Hezkuntza Zerbitzua aipatu nuen. Horren harira, azken «Hik Hasi» aldizkariko «Galdeidazu» atalerako honako galdera hau egin didate: «Publikotasunaz hitz egiterakoan, beste kontzeptu bat mahaigaineratu duzu: Euskal Hezkuntza Zerbitzua. Zertan datza«. Jarraian nire erantzuna.
Hezkuntza zerbitzuaz hitz egitea ez da zerbait berria. Estatu edo Administrazio bat hiritarrei hezkuntza zerbitzua bermatzeko bere menpe dauden ikastetxeez baliatzen da eta, hezkuntza-pluraltasuna onartzen duen neurrian, beste eragile batzuei eman ahal die hezkuntza zerbitzua emateko aukera ere (gurasoen kooperatibak, irakasleen kooperatibak, fundazioak, elizak eta abar). Hornikuntza mistoa oso ohikoa da lurralde askotan, hori bai, proportzio ezberdinetan. Lurralde gutxitan (Belgikan, Holandan, Irlandan…) gure hornikuntza mistoaren sendotasuna aurki dezakegu, non erdibana sare publiko eta sare pribatuaren artean (itundua, hori da geure artean sortu den hornikuntza ekonomikoaren formula) ikasleak banatzen diren.
Araudiak, bai Estatukoak, bai gure erkidegokoak, kontzeptua islatzen du. Adibidez, LOMLOEk bere 108. artikuluan horrela dio: «La prestación del servicio público de la educación se realizará, a través de los centros públicos y privados concertados.» Eta gure 293/87 dekretuak, itunei buruzkoa, erredakzio bihurri samarra eta, nire ustez, gaztelerazko bertsioan (edo alderantziz) kointziditzen ez duena erabiliz, hitzaurrean horrela dio: «Herri-saretik, norbanakoen alorreko saretik eta ikastolen saretik abiatuz, demokraziaren arauzko, aunitzkor, ontasunezko eta itunebidezko jaurpidepean herri-diruz eutsitako Euskal Herri Eskola bakar bat lortzea dugu unibertsitatekoez besteko euskal hezkuntza-sistema berrantolatzearen xede.»
Orduan, kontzeptua ez da berria eta bere isla legala ere ez. Nik zerbait berri planteatzekotan, gure erkidegoan hezkuntza zerbitzuaren birformulazioa edo birfundazioa litzateke, zerbitzu horren menpe egongo liratekeen ikastetxeetan balio publikoak sakonduz, bermatuz eta kontrolatuz. Birjaiotza horretarako ez da beharrezkoa izen bat asmatzea. Nire iritziz, nahikoa da Euskal Hezkuntza Zerbitzua izendatuz gero.
Euskal Hezkuntza Zerbitzua (aurrerantzean EHZ) ez da sare publiko bateratua. Aurreko etapa izan daiteke agian, baina helburu horretarako heldutasunik ez dago gure oraingo egoeran. Orduan, EHZn administraziopean dauden ikastetxeak eta pribatu itunduak kabitzen dira. Dena den, izen bat asmatzearekin ezin dira estali sakonean dauden arazoak edo dugun sistema duala.
Izan ere, hornikuntza mistoa duen sistemek korporatibismoa, segregazioa edo beste nahi ez ditugun eraginak dakartzate aukera-aniztasunarekin batera. Sare bakar batek, demagun estatu batena, berez, ez du aukera berdintasuna bermatzen, baina ikerketek diote hornikuntza mistoa duten lurraldeek, albo-efektu moduan, ikasleen bereizketa gehiago nozitzen dutela. Gure euskal erkidegoan hornikuntza misto hori gure historiaren herentzia zuzena da, baita hezkuntza-politiko zehatzen ondorioa ere. Edonola, aurrera begira abiapuntu saihestezina da. Hasieran esan bezala, geure artean fenomeno horrek duen indarra ez da ohikoa, kasu bakarra ez izan arren. Horrek, neurri batean, azaltzen du sareen artean dagoen desoreka egoera zaurgarrienetan dauden ikasleen banaketan, ahaztu barik sare bakoitzaren barruan ere dagoen arrakala ez dela makala.
Baina hain errotuta dugun sistema duala ezin da gainditu egun batetik bestera. Batzuk konforme daude egoerarekin eta, agian hainbat ukiturekin, kontsolidatu nahiko lukete. Beste batzuk, ordea, Administrazioaren titulartasuna ez duten ikastetxe batzuei publikoaren aitortza eman nahiko liekete, titulartasuna askatu barik eta beharrezkoak diren beste urrats batzuk eman barik. Ni «ertainean» kokatzen naiz. Esan nahi dut, egoera dagoen moduan ezin da ontzat eman, baina aldi berean ez daude baldintzak eskola publiko bakarra eta komunitarioa sortzeko. Norabide horretan EHZren proposamena, EHZ baita posible ikusten dudan gertuko urratsa publiko eta pribaturen artean etengabeko soka-tira antzua gaindituz joateko.
Titulartasuna duen garrantziaz jabetuta egon arren, dialektika horretatik ateratzen hasteko arazoari beste ikuspuntu bat ematea ezinbestekoa da, galdera diferente bat planteatzea, alegia. Hauxe galdera: zer da interes publiko duen hezkuntza? Zer baldintza bete behar dituen ikastetxe batek interes publiko eta soziala edukitzeko?
Nire ustez, EHZn parte hartzeko ikastetxe batek honako baldintza hauek behintzat bete beharko lituzke:
- Mota guztietako hesi diskriminatzailerik ez izatea (arraza, generoa, ideologia, sinesmen politikoak, erlijiosoak, gizarte- eta ekonomia-egoera, aniztasun funtzionala, etab.). Hesiak aktiboki programatu daitezke, baina askotan inertziek jartzen dituzte. Edonola, borondate bat eskatu behar da mugiarazteko, kuotak eta beste iragazki ekonomikoak desagerrarazten hasita.
- Gardena eta irabazi-asmorik gabekoa izatea. Gardentasuna kudeaketa ekonomikoari dagokionez ezarri behar da, baita eskolaren berezko jarduerei eta haren ondorioei ere. Kontuak ematea arlo guztietan ohikoa eta gardena izan behar da. Auditoriak ezartzea ezinbestekoa da.
- Demokratikoa eta parte-hartzailea izatea. Hezkuntza-komunitateak, beren estamentu eta interesen konplexutasunarekin, hezkuntzaren protagonistak izan behar dira, autokudeaketa-maila handiarekin. Argi eta garbi, printzipio horren barruan sartzen da langileen nolabaiteko hautaketa.
- Ikasleen aniztasuna errespetatzea eta hari erantzutea. Bestela esanda, zentro inklusiboa izatea eta gizarte-kohesioaren eskakizun sozialei erantzutea. Hori dela eta, ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasun Indizea, ezinbesteko tresna dugu eta hezkuntza politikaren erdigunera ekarri behar dugu. Gizarteak jakin behar du Ikastetxe bat —publiko zein itunpekoa— segregatzailea edo inklusiboa den eta horren arabera Administrazioak erabakiak hartu behar ditu.
Baten batek galdetu ahal du izaera propio eta zehatza (erlijiosoa, politiko, pedagogikoa…) duten ikastetxeak onartu daitezken. Une honetan, baietz uste dut. EHZ pluralaz ari garen neurrian, eta ez sare publiko bateratu batez, ez nioke uko egingo idearioari, bai, ordea, ikasleak horren arabera aukeratzeari. Gainera, uste okerra da pentsatzea Eskola Publiko batek ez duela ideariorik, izan beharko bailuke eskola komunitateak definitzen duen Hezkuntza Proiektuaren bidez, non balioak eta apustuak islatuta egon beharko liratekeen.
EHZn sare publikoari protagonismoa hartzea dagokio balio publikoak ordezkatzen dituen sarea baita, besteak beste, azken tokiraino eta azken ikaslearengana heltzen delako, askorentzat gustuko eredua ez izan arren. Jakina, rol nagusi horrek ez dio automatikoki izaera publikoaren zigilua ematen. Hainbat eraldaketa beharrezkoak izango dira. Baina bere baitan azken lau hamarkadetan bizi izan dituen eraldaketei esker, hiritarrentzako arrotza izatetik propioa sentitzera eta beretzat hartzera igaro da gehiengo batentzat. Bere aldeko apustua etorkizunean mantendu eta sakontzeko eskubidea irabazi du. Administrazioak sendo lan egin behar du eskola publikoaren hazkundean, hamar urtetan eskola hegemonikoa izateko, beti ere funtzionamendu publiko eta interes soziala erakusten duten ikastetxeak zainduz. Bi gauzak posible ikusten ditut hurrengo hamarkadan.
Prozedura aldetik beste apunte bat: atoan ezin da pasatu eskatzen dudan birformulazioa egitera. Lehenengo eta behin alderdi politiko eta hezkuntza eragileen artean argitasunez definitu eta arautu beharko litzateke EHZ (ezaugarri publikoak, sarbideak, epeak, barne funtzionamendua, finantzazioa…). Hezkuntza Itunean jaso beharko litzateke EHZ birsortzeko konpromiso zehatza, prozedura eta epea. Hori gure hurrengo erronka nagusienetariko bat.
Orduan, gorago deskribatutako lau ezaugarri horiek, behintzat, bete beharko lituzke EHZren menpe egon litezkeen ikastetxe guztiek. Balio publiko horiek neurtu eta aztertu behar dira ikastetxe guztietan, publikoak zein itunduak. Beste era batean esanda, sareei dagokienean bi norabidetan egin behar da lan: Norabide batek planteatzen du nola egin eskola publiko deszentralizatuagoa eta beste norabideak planteatzen du nola egin eskola itundu publikoagoa.
Batzuek eskola publiko monopolikoa nahi dute, kolore bakarrekoa, eta, berdintasunaren izenean, ez dira fidatzen kogobernatza-ereduetatik eta autokudeaketa komunitario handiagotik etor daitekeen aniztasunaz. Ez zaie arrazoirik falta, gizakiok dugun bereizketarako joeragatik. Baina beldur horrek ezin du eskola demokratikoago eta parte-hartzaileago baterantz sakontzea geldiarazi. Puntu honetan, zintzotasunez galdetu behar da, besteak beste, hori zenbateraino den posible egungo funtzionario-sistemarekin, funtzio publikoan sartzeko sistemarekin edo ikastetxeak hornitzeko sistemarekin. Sindikatuek berrikusi behar dute zer paper jokatu nahi duten. Estatuko legedia bide hau jorratzeko beste oztopo bat da.
Bestaldetik, itunen araudia berrizteko garaia heldu da eta ituna emateko ezaugarri publikoak zorroztu eta, batez ere Administrazioak zorroztasun handiagoz betearazi, ikastetxe itunduek demokrazia, parte hartze eta inklusibitatearekin izan behar duten konpromisoa zalantzarik gabekoa izan dadin. Era berean, diskurtso kontrajarrietatik atera behar dugu; izan ere, itunpekoari eskatzen zaio, batetik, erantzukizun handiagoak har ditzala ikasleen aniztasunarekiko arretan, eta, bestetik, oihua zeruan jartzen da finantzaketaz hitz egiten denean. Finantzazioa, batetik eta doakotasuna, gardentasuna, inklusioa eta gainontzeko eskakizun publikoak, bestetik, korapilo nagusiaren parte dira.
Bi bideek eskatzen dute administrazio adoretsu bat, orekak mantentzearekin konformatzen ez dena. Ituna (eta legea) abagunea dira balio publikoetan aurrerapausoak emateko eta erabaki konplikatuak hartzeko. Batetik, eskola publikoa komunitarioago bihurtzeko behar dituen erreformak abian jartzeko, nahiz eta marko estua izan. Bestetik, ausardiaz agertu behar da beste ituntzeko politika aurrera eramateko. Pribilejioei aurre egitea oso gatazkatsua da, baina orain arte eraman den ituntzeko politika berrikusi behar da, ondorio guztiekin. Bi norabidetan, teoria erreza da, baina toki askotatik sor daitezkeen erresistentziak, itzelak.
Badugu Administrazioa (eta gizartea) demokrazia eta justizia soziala erdigunean jartzeko gai?