Justizia soziala, euskal hezkuntza-politikaren ardatz

Joan den 2020/11/30ean, Diario Norten argitara eman zidaten artikulu batean (“El difícil, pero posible, acuerdo escolar vasco”), euskal hezkuntza-akordiorako lehentasunezkotzat jo behar diren bi gai proposatu nituen: eskola-segregazioarena eta curriculuma. Duela gutxi sortu diren hezkuntza-eztabaiden haritik, lerro hauetan garatu nahi dut zergatik gizarte-kohesioa funtsezko elementua den euskal hezkuntzaren etorkizun hurbilean.

Izan ere, joan den 2020ko azken asteetan, EAEko hezkuntza-sistema osatzen duten sektore eta sareetako eragileen arteko liskar gordina ikusi dugu komunikabideetan eta sareetan. Eztabaida korapilatsua da, ideologikoki oso polarizatua, non ardatz sozial eta identitarioen gurutzaketa bikoitza antzeman daitekeen. Aspaldiko eztabaida honek gogaituta eta geldirik egotearen sentsazioa helarazten digu; agian horregatik, agente batzuek ez agertzea erabaki dute.

Nire ustetan argudio ideologizatuegiak behin eta berriz aipatzen jarraitzeak, nahiz eta zilegia izan, zenbait hamarkadatan bizi garen irtenbiderik gabeko eztabaiden espiralera bultzatzen gaitu. Batzuen eta besteen adibideak jartzeagatik bakarrik, honako hauek:  herrialdean itunpeko eskolak duen “anomalia”, ikastetxe batzuen “orientazio erlijiosoa”, ikastetxea “aukeratzeko askatasuna”, Eskola Publikoaren “estatalismoa” edo kooperatiba askoren “korporatibismo pribatista”. Zorionez, euskalduntzeko ahaleginak ez gaitu hainbeste zatitzen, une honetan ez baita inoren monopolioa. Oraingo eztabaidaren muina da publikoa zer den argitzea eta titulartasuna erabakigarria den ala ez.

Planteatutako gaiak ez dira bigarren mailakoak, ezta gutxiagorik ere. Funtsezkoak dira. Kontua da, besterik gabe, ezinbesteko dugula eztabaidaren antzu honetatik irteteko ate bat aurkitzea, desblokeo-puntu bat, elkargune bat topatzea, hortik abiatuta beste gai guztiak birbideratu eta birformulatzeko. Proposatzen dut begiradaren ikuspuntua kohesio soziala izatea, justizia soziala. Jakina, ez da ikuspegi neutroa, baina bai desberdinen arteko topaketarako, errealitatea datu objektiboetatik aztertzeko, adostutako parametroen arabera ebaluatzeko abiapuntu oso baliogarria. Adibidez, sare eta ikastetxe bakoitzak, artatzen duen Hezkuntza Beharren Indizea arabera, erabakiak hartu beharko ditu heterogenegoak izateko… edo adostasunetatik eta laguntza publikoetatik kanpo geratu beharko dira.

Eskola-segregazioaren gaia, lehen aipatutako artikuluan nioen bezala, sistemikoa da, funtsezko elementu horri helduz mugitzen baitira ezagutzen ditugun oinarriak, errealitate berriak birkonfiguratzeko. Eskola-segregazioari aurre egiteak esan nahi du doakotasunaren printzipioa gauzatzea, familien koordainketarekin amaitzea, eskola-plaza baten kostua adostea, itunpeko ikastetxeei finantzaketa nahikoa den ala ez birplanteatzea, itunei buruzko araudi zaharkitua erreformatzea, finantzaketaren gardentasun eta kontrol-mekanismoak ezartzea, ikasleak onartzeko politikak birbideratzea, matrikulaziorako bulegoak bateratzea, Eskola Publikoaren perimetroa handitzeko aukerak aztertzea, gero eta handiagoa den mestizaiari erantzutea, jaiotza-tasaren beheranzko olatuei aurrea hartzea. Hizkuntz-kontuak ere birpentsatzera behartzen du. Hori guztia beharrezkoa da, ahaztu barik lehendik zegoen araudia bere osotasunean betetzen hasi behar dugula.

Ebatzi barik dauden gai garrantzitsu guztiei buruzko eztabaida agortzen ez duen arren, publikoa, lehenik eta behin, justizia sozialarekin bat etorriz definitu behar da. Horrela, eskola-segregazioaren aurkako borroka beharrezko palanka bihur daiteke gure hezkuntza-sistema eraldatzeko, zerbitzu soziala eskaintzen duen ikastetxe itunduekin aliantzak ehuntzeko, gizarte osoarekin dituzten erantzukizunak beren gain hartzen ez dituztenak finantzaketatik kanpo uzteko, eta ikastetxe publikoen arteko desberdintasunak eta praktikak berrikusteko. Ez da helmuga, baina legegintzaldi honetako urrats hurbil eta saihestezina izan behar du. Gainerakotik asko berez etorriko da ostean.

Aprobetxa dezagun egoera apur bat hobeagoa dugula arestian izan dugunarekin alderatuta: lidergo berriak euskal erkidegoan estreinatu dugun legegintzaldi honetan; LOMLOE, agian oso eskasa izan daitekeena batzuentzat, eta arrotza besteentzat, baina agertoki mesedegarriagoa dena hainbat birplanteamendu egiteko. Eta, eztabaida batzuek ateratzen duten zalaparta hartzea euskal hezkuntzan gauzak aldatzeko aukera ez galtzearen seinale eta desira moduan.

2 pensamientos en “Justizia soziala, euskal hezkuntza-politikaren ardatz

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s