“Publiko” kontzeptuarekin bueltaka

Konfinamenduak askori astia eman digu zain geneuzkan liburuak irakurtzeko. Nire zerrendan bazegoen joan den urteko Durangoko azokaren garaian oihartzuna lortu zuen “Eskola Publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa” Fito Rodriguez eta Josu Txapartegiren liburuxka (Delta, 2019). Titulu probokatzailea, bat ez datorrena liburuan zehar egileek diotenarekin: ikastetxeen sareen arteko tirabiratik aldendu nahia eta oinarri berri batzuen inguruan beste aro kolaboratzaile bat inauguratzea euskal hezkuntzan.

Lurralde txikia garenez, liburua irakurtzen hasi baino lehen errez igarri ahal da zer topatuko dugun bere orrialdetan. Izan ere, ezusterik ez, 111 orrialdeko liburu hau aldarrikapen abertzalea da euskal hezkuntzaren arloari aplikatuta. Zer den publikoa, nola sakondu izaera publikoan “publikoa” etiketa duten erakundeetan, galdera horiei erantzuna beste testuinguru batean irakurle batek topatzea espero dezakeena izango zen. Baina gure herrian, beste gai askorekin gertatzen den moduan, publikotasunaren eztabaida hutsa nahaspilatzen da identitate gatazkarekin. Ez dago kexu azaltzerik. Horrelakoak gara, horrela da gure errealitatea.

Gertatzen dena da bi plano horiek uztartzean, eztabaida identitarioa nagusitzen dela eta gainontzeko eztabaidaren gakoak abertzaletasunaren ikuspuntutik aztertzen direla. Nire ustez, liburuaren ahulezia egileek hartzen duten ikuspuntu erromantikoan datza, desioa eta errealitatea nahasten dituena. Ikuspuntu honen eskutik, hainbat gehikerietan eta kontraesanetan erortzen dira:

  • Gauza bat da euskal hizkuntza eta nortasuna islatzen duen hezkuntza eraiki nahi izatea edo hezkuntza antolatzea tokian tokiko errealitatetik abiatuta eta bestea pentsatzea euskaldunok dugula nagusitasun morala, hau da, berez euskaldunak izateagatik komunitarioak, iraultzaileak, parte hartzaileak, abertzaleak eta abar garela. Adibide bat jartzeagatik, auzolanaren tradizioa ez da euskaldunon ezaugarri esklusiboa. Herri guztietan topatu ahal da, batez ere XV. eta XVI. mendeak baino lehenagoko praktiketara jotzen badugu. Hego Amerikan, adibide bat jartzeagatik, lan komunalak ohikoak dira eta gehiago herri indigenen artean. Euskaldunok iritzi diferentekoak gara eta klase sozialen interes kontrajarriak badaude gure artean ere.
  • Ikuspuntu erromantiko horretatik jauzi bat ematen da euskal estatua eskatzera. Ondo da. Ez naiz sartuko eztabaida horretan luzea izan daitekeena, euskal estatuarena edo lehenagoko eztabaida, ea estatu-nazioak gainditu beharreko egitura den, behintzat gaur egun ezagutzen dugun moduan. Bakarrik diot kontraesana dela merkatutik eta estatutik aldendu nahi izatea eredu komunitario nabarmenduz eta aldi berean estatu propioa erreibindikatzea eredu komunitario ziurtatzeko. Euskal estatu bat estatu bat litzateke, agian beharrezkoa askorentzat (gehiengo batek hala adierazi beharko luke), baina ezin da nahastu herrigintza eta estatugintza. Euskal estatua ez da derrigor estatu sozialista izan behar. Gure euskal gizarteari begiratu baino ez da egin behar.
  • Independentziaren helburua lehenetsiz, beste kontraesanean erortzen dira: bide pribatua ontzat ematea euskal estatu heldu arte, suposatuz gizartetik sortzen diren ekimenek, kooperatibismoaren egitura izan arren, euskaldun guztiontzako ongizatea zaintzen dutela. Ikastolak beraiek, historia miresgarria izan arren, une honetan zein den beren ikasleen jatorri soziala berrikusten ari dira, batez ere etorkinen fenomenoa erronka bihurtu zaielako. Eta, aldiz, estatu jakobinoaren egitura bat gizartearen ahulenen babeslea izan daiteke, euskal eskola publikoa kasu. Errealitatea oso nahasia da.
  • Egileen apustu politikoak eramaten ditu kulturartekotasuna asimilazio hutsa moduan ulertzera sorterriko ardatz identitariotik. Erresistentzia balore bat izan daiteke, euskal kultura eta hizkuntza bizirautea nahi badugu; landu egin beharko den balorea. Baina ez gara bizi duela bi edo hiru mendeko Euskal Herrian. Zoritxarrez, herrien historiak bidegabekeriaz eta zapalkuntzez josita daude, bestela, berriz, Hego Amerikako herri indigenei galde diezaietela. Eta horren ondorioz sortzen dira minez sintesi kultural berriak, non menderatzaileek, mestizatuta gertatu arren, bere hizkuntza inposatzen dute eta askotan horrek mendeetan zehar kontsolidatzen denean ez dauka bueltarik eta alferrikako borroka da errealitatearen kontra hasierako egoerara bueltatu nahi izatea. Azken bi mendeetan gertatutako migrazio uholdeek gure Euskal Herria eraldatu dute eta martxan dago beste hirugarren uholdea, izugarrizko eragina duena eta izango duena. Aurrekoak ez du kentzen euskara eta euskal kulturaren defentsan ez jardutea, baina errealitatetik abiatuta. Bestalde, ezin dugu ahaztu euskaldunen historia askotan zatiketa baten historia izan dela geure artean ere. Asko eztabaidatzeko dago, gehiago globalizazioaren aroan, nola ulertu behar dugun gaurregungo euskal kultura.

Beraz, egileek manikeismoan erortzen direnean, beraien ikuspuntutik aldentzen naiz. Hobekuntza esparrua egon arren eta egileek nahiko luketen erakunde ez izan arren, ezin da esan Euskal Eskoa Publikoa ez dela publikoa eta ez dela euskalduna, guztion hezkuntza eskubidea hoberen bermatzen duen sarea denean. Aitor Idigorasek eta Nagore Iturriotzek erantzun zuten moduan, “Fito Rodriguezek jakin badaki estatuen menpekotasunetik aldentzen den alternatibarik ez dagoela gaur egun”, eta, horrek, gehitzen dut nik, ez dio baimena ematen dugun eskola publikoa erabat errefusatzeko.

Nire adostasuna, ordea, adierazi behar dut beste baieztapen askorekin, herrigintzan, bartez ere, oinarritzen direnean. Egileek Hik Hasiren Hezkuntza proposamenarekin (hemen komentatu nuena) identifikatzen dira. Demokrazia, parte hartzea, prozesu sozialen behetik gorako eraikuntza, ikastetxeen autonomia, irakaskuntza ondasun komuna ulertuta, gaurko kultura kapitalista eta kontsumitzailearen kontrako sortu behar dugun alternatiba hezitzailea eta horrelako kontzeptuak jorratzen dituztenean, topatzen dut orube zabal eta komun bat eraldatzeko gure hezkuntzan aspalditik ditugun inertziak eta morrontzak.

Laburbilduz, asko sakondu behar dugu ondasun komunaren definizioan eta, batez ere, praktiketan. Baina, ezin ditugu etsai hartu gure moduko sentsibilitatea eta marko instituzionala gurekin partekatzen ez dituzten (edo, agian bai) indarrak. Estatugintzan aritzea zeharo zilegia da, baina ezin da bihurtu ezinbesteko baldintza publikoan sakontzeko. Euskal sistema kohesionatuago batek indar sozialen metaketa behar du eta elkarrekiko errekonizimendua ere bai. Lehentasun horretan espero dut bidean gurutzatzea egileekin.

Un pensamiento en ““Publiko” kontzeptuarekin bueltaka

  1. Alternatiba erromantikoa
    “Eskola Publikoa ez da Euskal Herriak behar duen eskola publikoa” liburuaz idatzitako iruzkin asko iraingarriak izan ziren besterik gabe. Haietariko batek, ordea, Gonzalo Larruzeak idatzitakoa, gure liburuaren izenburua probokatzailea dela onartu du eta, zerbait kritikatzerakoan, gure pentsamendua aski “erromantikoa” dela utzi du idatzita.
    Ez dut uste, aldiz, inor kalifikatzeko pentsamendu ildoak erreferentziatzat hartzeak gaitzesgarria izan behar duenik, berez. Aitzitik, norbait zinikoa dela esaten denean Antistenesen edo Diogenesen jarraitzailea dela uste dut eta, nola ez, interesgarria iruditu ohi zait beti. Dena dena, aipatu erreferentziak ez ohi dira erabiltzen bere zentzu hertsian nolabaiteko ahalkeizun gisa baizik eta, horregatik hain zuzen, haien jatorrizko esanahira joateko beharra ikusten dut.
    Erromantizismoak ekarri zuen tokian tokiko hizkuntzaren aldeko jarrera. Goethek, frantsesez ikasi arren, alemaneraz hasi zen idazten, adibidez eta, haiekin batera, sentimenduen heziketa baita modernitatea gauzatzen ere ahalbidetu zuen, estatuaren aldarrikapena eta guzti.
    Eta estatua ari garelarik, argi dago Euskal Herrian bi eskola nazional baititugula: frantziarra (école nationale) baita espainiarra ere (escuela pública) eta gure euskal eskola publikoa eginkizun daukagula oraingoz. Horixe da nik diodana, eta ez besterik.

    Zertara, orduan, erromantizismoaren aipua?. Baten batek guk idatzitako testua ez du ulertu edo ez du nahi guk zabaldu nahi dudan debatea behar bezala ulertuta eta hedatua izan dadin?.

    Hegoaldean indarrean dagoen Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua, hezkuntza nazionalaren oinarria izanik, anabasa izugarria da publikoari eta pribatuari (Eliza Katolikoaren pribilegioak iraunarazteko) antzeko eskubideak aitortuz. Frantzian, ordea, ez da hori gertatzen 1905ko legetik hona zeinak laikotasunaren alde jo zuen argi eta garbi.
    Frantziakoa nahiago, noski, baina, halere, hegoaldean behintzat, indarrean dagoena Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua da eta, bistan da, ez bata ezta bestea ere ez dira Euskal Herrirako eraiki behar dugun eskola publikoaren eredu.
    Hori gauzatu bitartean, aldiz, lurralde desberdinak ditugu, baita hezkuntza eredu desberdinak ere, abiaburu gisa. Eta haietariko inor ez da egun Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa.
    Diskriminazio kateak, zoritxarrez, bere horretan dirau: estatu espainolak eta frantsesak daukate bertako hezkuntzan, nahi duenean, esku hartzeko aukera eta hori ezin da ahaztu. Gobernu Autonomikoak konformatzen ari dira zerbait gestionatzearekin eskandalurik sortu gabe. Irakasleok ere ohitu gara egoera honetara eta zauriak ez gaiztotzearekin konformatzen gara. Alternatiba ez da erraza, baina derrigorrez pasa beharko du euskal hezkuntza berri baten diseinuaz, bere kurrikulum propioarekin, pedagogia hurbil eta gaurkotuarekin, gurasoekin konfiantza osoan, herrian eta inguruan ongi txertatua, irakaslego finkoa mantenduz eta hauen ofizioari errespetu handia eskainiz, eta guztia, munduari begira, gure ahalegin onena eskaintzeko herri gisa. Gure herri txiki honetatik zer egin dezakegu mundu ederrago bat posible izan dadin? Botere politiko nahikorik ez dugun bitartean helburu horretara hurbiltzen gaituen erabaki guztiak hartu behar dira norantza horretan. Gure liburua horretan datza.
    Fito Rodriguez

    Me gusta

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s