HIK HASIren proposamena

Laster beteko dira sei hilabete HIK HASI egitasmoak bere hezkuntza proposamena plazaratu zuenetik. Hain zuzen, apirilaren 21ean jardunaldi bat antolatu dute proposamenaren ardatzen inguruan, eztabaida pizteko. Lehen unetik aldarrikatu dute ekarpen irekia zela eta zabalik zeudela beste batzuen ekarpenak jasotzeko. Gonbite horren babesean, arretaz irakurri ondoren animatzen naiz nire hausnarketa ekoiztera.

Lehenik, eskertzekoa da hezkuntza munduan, behintzat euskal erkidego autonomoan bizi dugun une berezi honetan, ikustea kolektibo batzuk bizirik daudela eta euren ideiak eskaintzen dituztela eztabaida sustatzeko eta hezkuntza munduan kultura paradigma berri bat erditzen laguntzeko. Ongi etorri ahalegina.

Orokorrean inpresio ona atera dut lehen irakurketatik. Hezkuntza Sailak  urtarrilean plazaratu zuen Akordiorako Oinarriak dokumentuarekin alderatuta ez da atzean geratzen. Lau abantaila igartzen dizkiot HIK HASIren proposamenari: lehenengoa da gaurko hezkuntzaren diagnosi bat duela abiapuntu (behintzat niri heldu zaidan bertsioan). Bigarrena, dokumentuak erakusten du batasuna eta ez eraikia zatika. Hirugarrena, idazteko eran antzematen zaio lan eta hausnarketa kolektiboa duela atzean. Eta laugarrena, edukiek erakusten dute lerro koherentea, ados edo ez, baina ikusten dira proposamenaren sakoneko apustuak, gaurko hezkuntza lengoaiak duen anbiguotasuna  murriztuz.

Hori bai, Hezkuntza Sailaren dokumentuan gertatzen den moduan, lerro orokorrak planteatzen dira eta dokumentu harekin gertatu zitzaidan moduan, gauza askorekin ados nago, nabardurak nabardura. Segituan aipatuko ditut hainbat ideia solte, bereziki zorionekoak irudi zitzaizkidanak:

  • Metodologiatik hartago, hezkuntza jarduerak balioetan oinarrituta egon behar izatea.
  • Lehen hiru urteak bete arte, gurasoek erraztasun laboralak edo dena delakoak edukitzea, umeak etxean zaintzeko eta hezteko.
  • Oinarrizko Hezkuntzan arloka lan egitea eta orain arte egon den kalifikazio sistema bertan behera uztea pertsonarengan eragina duen testuinguruaren ebaluazioaz ordezkatuz eta uneoro ikasleen autonomia zainduz.
  • Ikastetxeek bere proiektuarekin bat datozen langileak aukeratzeko nolabaiteko autonomia izatea.
  • Udalei eskumen eta bitarteko gehiago pasatzea eta haurraren zaintza globalean eragina duten zerbitzuetan koordinaketa handiago egotea.
  • Eskolaren autonomia bultzatzea antolaketa administratibo denontzako modukoa eta bateratzailearen marko batean.
  • Plangintza komunean sartzen diren ikastetxeetan ikasle guztien matrikulazioa baldintza berberetan ahalbidetzea.
  • Finantzaketari jarraipen gardena egitea.
  • Denontzat eta denona Euskal Hezkuntza Sistema Publikoa bateratzaile eta inklusiboa planteatzea.

Bestalde, agerian dago ekarpena identitate eta sentsibilitate batetik idatzita dagoela. Proposamena garden erakusten du Euskal Herri osorako pentsatuta dagoela. Ez da esaten, baina inplizituki deduzitu ahal da ametsetan dagoela euskal administrazio bakar bat. Are gehiago, gertuko administrazioa bultzatu behar dela behin baino gehiagotan proposatzen dutenean, antolaketa horrek dituen abantailez aparte, ikus liteke Espainako eta Frantziako estatuak saihesteko modu bat dela, euren zentralismo arrotza errefusatuz. Horren argi ez da esaten, baina ez dut uste urrunegi joan naizenik. Problematiko bihurtzen da egiaztatzen dugunean euskal erkidego autonomoan eredu zentralista berbera birsortu dela.

Planteamendu horren zilegitasuna zeharo onartuta, horretan hain zuzen aurkitzen da HIK HASIren ekarpenaren ahuleziaren manifestazioren bat da. Proposamenak zerumuga batean planteatuta dago, une honetan errealitatetik urruti dagoena. Agian egunen batean euskal administrazio bakar batera helduko gara, hiritarron gehiengo batek norabide horretan borondatea garbi erakutsiz gero. Baina, bitartean, errealitatea bestelakoa da, Eskandinabia eta Estoniatik urrunduta dagoena, hiru administraziotan bananduta errealitate nahiko diferenteekin eta hiruak bi estatutan txertatuak. Orduan, ezinbestekoa da galdetzea zer gertuko urrats errealitate eta nahien artean planteatzen diren, ideiek lurra har dezaten.

Alde horretatik, planteamendu utopikoegietan ez geratzeko haginka egin behar zaizkie gako batzuei. Hona hemen hainbat kontu, formulatzen ditudala bizi naizen tokitik onartuz:

  • Zer pausu zehatz eman litezke udalek eskumena eta bitarteko gehiago edukitzeko?
  • Nola ulertu behar da sare publiko bateratua?
  • Norena izan behar da sare publikoaren titulartasuna? Klabea den titulartasun gaiari, zer trataera eman nahi zaio?
  • Profesionalen kontratazioa (eta despidoa), noren esku utzi nahi da? Eta profesionalen esleipenetan, zer gertuko urrats eman ahal dira eskola komunitateen irizpideak pisu handiago edukitzeko?
  • Nondik hasi ikastetxeen autonomia handitzen?
  • EAEn dauden sareen artean zer-nolako finantzaketa planteatzen da? Zeren arabera? eta zer mekanismo erabili ahal dira gardentasuna bermatzeko?
  • Eskola bazterkeria eta zatiketa sozialaren aurrean zer egin genezake?

Ez dakit HIK-HASIren dokumentuaren gabezia den edo agian ataza pendienteen artean apuntatu behar duten. Baina ekarpen polita izan arren, arrisku bat dauka: ez asmatzea jaurtiketa gehiegi altxatzeagatik. EAEn abagune zehatz batean gaude eta HIK HASIren zerumuga errespetagarriari uko barik, neurri zehatzagoak behar dira plazaratzea bidea eginez joateko.

Laburbilduz, orri gutxitako dokumentu mamitsu honetan gure hezkuntzarako iparra jarri dute HIK HASIko kideek, baina tarteko bideak ere irudikatu behar dira. Gure erkidegoan akordio garaia bizi omen garenean, ondo legoke HIK HASI gehiago bustiko balitz eta proposamen zehatzagoak asmatzeko erronkari helduko balio.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s