Balio publikoetan oinarritutako euskal hezkuntza

Egun on guztioi.

Ezer baino lehen nire eskerrona luzatu nahi diet Begoña Pedrosa Sailburuordeari eta Eusko Ikaskuntzari nire ikuspuntuak adierazteko aukera paregabe hau ematearren.

Beatriz (Akizuk) aurkezpenean iragarri bezala, nik irekiko dut “hezkuntzaren antolakuntza” jorratuko dugun hizlarien txanda, beti ere irailaren 11an ateratako emaitza kontuan hartuta eta hezkuntza hitzarmena helburu.

Azken hau da, hain zuzen, tokatzen zaigun ariketa zaila egitea: akordioa aurrera ateratzea, alegia. Gai honen inguruan hona hemen nire ardurak, zuekin partekatu nahi ditudanak : nola asmatu akordioa hain ezberdina eta plurala den gurea bezalako nazio batean? Nola bilatu oreka jakinda gizarte multikulturala garela eta euskal kultura eta hizkuntzaren altxorra gorde eta zaindu nahi ditugula? Nola elkar ulertu jakinda geruza sozialetan sailkatuta gaudela eta sailkapen hori areagotzen ari dela? Nola irten airoso ardatz identitario eta sozialaren arteko gurutzaketa horretatik? Nola onartu abiapuntutzat historian zehar heredatu dugun egoera? Ezberdintasunak ezberdintasun, nola topatu esparru komuna? Ez dirudi erreza denik, baina zailtasuna aukera bihurtu dezakegu. Tedescoren hitzetan: “Los acuerdos en educación son siempre difíciles, pero, si son necesarios, debemos hacerlos posibles”.

Gaurko gaiaren mamira sartu baino lehen, hitzarmenaren inguruan aldez aurreko hainbat gogoeta egin nahi ditut.

Lehenik, akordioak direla negoziazio baten fruitua. Akordio bat lortzeko borondatea mesfidantza baino handiagoa izan behar da. Esaldi borobiletan adierazen diren maximalismoak, gure zalegoaren kontsumorako egiten ditugunak, kanpoan utzi behar ditugu. Akordioak eskatzen du inor galtzaile ez sentitzea.

Bigarrenik, aurrekoari ñabardura: hezkuntza-akordio bat ez da “negozio” baten negoziazioa. Hezkuntza oinarrizko giza eskubidea da eta negoziatzeaz gainera behar da orientabide politikoa, negoziaezina eta garbia. Borondate politiko hori ezinbestekoa da eta guztiei, baina batez ere gobernuari dagokio. Aurreratzen dut akordioak balio publikoetan aurrerapausoak emateko ez badu balio, alferrikako bidaia izango dela. Balio publikoak eta nahi identitarioak ez dira derrigorrez kontrajarriak. Baina, izan daitezke. Eta iparra jarri behar da justizia sozialean eta hezkuntzaren kalitatean, jakinda inor atzean uzten ez duen sistema bat kalitatekoa dela eta gizarte bati neurri gabeko etekin ekonomikoak dakarzkiola, bide batez.

Hirugarrenik, akordio batek esploratu behar ditu posibleak diren urratsak eta ez planteatu, gure ideologiek edo gure ametsek bultzatuta, urrutiko zerumugan dauden utopiak. Akordio batean, Vigotsky parafraseatuz, gure gertuko garapen esparrua bilatu behar dugu. Posibilismo horretan mugitu behar gara, abiadura gehiegi arindu gabe. Errealismo horrek eskatzen digu daukagun erakunde eta lege markoa ere abiapuntutzat hartzea, gustukoa izan ala ez.

Laugarrenik, ituntzea prozesu bat da eta ez sinadura jartzeko unean amaitzen den ekintza puntual bat. Printzipio orokorrak eta garatuko diren gaiak adostu ondoren, hitzartzea da denboran zehar egin behar den ariketa etengabekoa eta neketsua. Itunaren testua une fundatzailea da, baina hori baino ez, eta hortik aurrera urteak geratzen dira hartu ditugun konpromisoak garatzeko eta gehiago zehazteko. Ertaineko eta bukaerako jomugak ebaluatzeko beharko dira.

Niri dagokidanean, aurrekoarekin koherentea izan nahi badut jarraian proposatuko dudana ez da 100% nire ametsetan nahiko nukeena, une unetan posible ikusten dudana baizik, kontuan hartuta jokoan dauden interes kontrajarriak. Hala eta guzti, ez naiz sentitzen epailea, neutrala edo erdigunean. Esparru komuna bilatzeko nire ahalegin apala, duda barik, beste batzuen ahaleginarekin osatzea beharrezkoa izango da.

Hitzaurre luze honen ostean, hezkuntzaren antolamenduaren gaian barneratuko naiz. Agindu moduan, irailaren 11an atera ziren emaitzekin zintzoa izango naiz. Jardunaldi hartan, nabarmendu ziren hitz-gakoen artean hirurekin geratuko naiz: “Komunitarioa”, publiko kontzeptuarekin eta, beraz, oraingo sareen egituraketarekin lotura zuzena duen hitza; bigarrena, “deszentralizazioa” eta hirugarrena, “autonomia”.

Has gaitezen gure erkidegoko hezkuntza sistemaren egituraketarekin. Lehenengo historia-apunte labur batzuk, ikusteko gaur planteatzen diren hainbat debate ez direla hain berriak.

1980tik aurrera, euskal eskola publikoaren ereduari buruzko auzia irekita egon zen hamarkada luze batez. Lehen urteetan ikastolen inguruan egituratuko zela ematen zuen. Eusko Kontseilu Nagusiak Ikastolen Titulartasun Publikoko Araudia aprobatu zuen. Araudiak horrela zioen 2. artikuluan: «El Consejo General Vasco establecerá un Registro de ikastolas consideradas como centros públicos no estatales». Aitortza hori berriztu zuten Ministerioak eta Hezkuntza Sailak sinatutako Ikastolen Hitzarmenaren bidez. Harrez gero, hainbat ekimen eta saiakera egon ziren antzeko helburuarekin. Nabarmenenak, 1983an EIKE (Euskal Ikastolen Erakundea) sortu zen eta 1988an “Ikastolak eta Eskola Publikoak biltzeko Legea”. Azkenik, 1993 Euskal Eskola Publikoaren Legearekin, PSEk eta EAJk itxitzat eman nahi izan zuten denboran gehiegi luzatu zen auzia. Legeak hitzaurrean horrela zioen eta dio, indarrean baitago: “… (la) disposición adicional séptima permite la opción libre de las ikastolas entre la confluencia en la red pública o su permanencia definitiva como centros privados, garantizando lo establecido en la ley para la Confluencia de las Ikastolas de forma que el sistema educativo se configure definitivamente y sin ambigüedades en dos redes, una pública y otra privada.” Gure gizartearen sektore minoritario batzuk, baina esanguratsuak, oso, ez ziren konforme geratu eta auzia, batzuetan lokartuago eta beste batzuetan biziago gure egunetara heldu da.

Egun, eztabaida termino hauetan planteatzen da. Alde bateko argudioak honela laburbil daitezke: gaurko euskal eskola publikoa autonomista da, ez da proiektu nazional bat, eredu propio bat eraikitzea eragozten duten estatu zentralizatzaileen zorduna da, administratiboegia da eta ez du herritarren parte-hartzea ahalbidetzen. Ez da Euskal Herriak behar duen eskola publikoa. Beste aldetik, honela arrazoitzen da: egungo eskola publikoa da benetan hezkuntzako eskubidea ziurtatzen duena, ikasleak hautatzen ez dituena, ideien araberako pertsonen bereizketa egiten ez duena, gehien euskalduntzen duena eta publikoa dena hobekien ordezkatzen eta bermatzen duena.

Beraz, erdigunean, berriz, dagoena da publikoaren kontzeptua eta ikastolek nola berreskuratu aitortza publikoa. Puntu honetan gaineratu behar da Kristau Eskolak, Eusko Ikastolen Batzak, Elizbarrutiko Ikastetxeek, Ikasgiltzak eta gainerako eragileek ez dutela problema hori: horiek garbi daukate ez direla titulartasun publikoa eta ez dute eskatzen sare publiko bateratu batean parte hartu. Bakarrik Hezkuntza Zerbitzuaren parte izan nahi dute, hori bai, baldintza hobeagotan. 

Batzuek eta besteek pisuzko arrazoiak dituzte euren argudioetan. Ondasun komunen ikuspuntuan parte hartzen dugunontzat, egungo eskola publikoaren ereduak ez gaitu zeharo asebetetzen. Tamalez, zentralismo eta korporatibismo handiak daude araztu gabe. Baina Administrazioaren eskola = eskola publikoa ekuazioa automatikoa ez bada, eztabaidagarriagoa da gurasoen kooperatiba = eskola publikoa. Inoiz adierazi dut kooperatiba izateak ez duela bermatzen korporatiboa ez izatea.

Oraingo panorama argitu nahian, muinean dauden hainbat galdera egiten eta aldi berean erantzuten saiatuko naiz jarraian:

  • Gauza bera da sare publiko bateratua eta hezkuntzako zerbitzua? Nire iritziz, gauza diferenteak dira eta kontzeptu horiek ez ditugu nahastu behar. Sare publiko batean ekimen pribatuek, administraziokoak ez diren titulartasunak ez dira sartzen. Bai, ordea, hezkuntzako zerbitzuan. Bigarren kontzeptu honetan sar daitezke ekimen pribatu batzuk hainbat parametro publikoak errespetatuz gero. Gainera hori ez da berria. LODEtik dator. Ildo horretatik LOMLOEK 108 artikuluan dio: “La prestación del servicio público de la educación se realizará, a través de los centros públicos y privados concertados.” Orduan, ez da gauza bera izaera eta funtzioa.
  • Posible al da sare publiko bateratuan izaera juridiko diferenteekin titulartasun ezberdinek osatuta egotea? Nire uste apalean, ez. Ingalaterran eta Galesen ikastetxe erlijioso asko sare publikoan txertatuta daude. Baina gu ez gara Erresuma Batua, non erregina eliza anglikanoaren burua den. Batetik, proposamen horrek txertaketa legalik ez dauka. Eta bestetik, titulartasuna ez da publikotasun berme bakarra, baina bai oso garrantzitsua. Ezin da eratu sare publiko bateratua eta mistoa aldi berean titulartasun diferenteekin, magnitude diferenteak gehitu ezin diren moduan. Gaur egun bi sareek hezkuntza ekoizteko dituzten erak eta baldintzak oso ezberdinak dira eta horrela izango da superegitura bat sortu arren. Azpian, egoera duala izaten jarraituko dugu. Sare publikoa proiektuen aniztasunean, askatasunean eta ikastetxe eta eskola-komunitatearen autonomian aurreratzen ez den bitartean eta sare itunpekoak proiektuen kontrola galtzea eta titulartasuna askatzea onartzen ez duen bitartean, luzaro sistemaren dualtasunak iraungo duelakoan nago. Dualtasuna gainditzea ez da gure hurrengo pausua.
  • Zer ezaugarri izan beharko luke Euskal Hezkuntzako Zerbitzuak? Nire ustez, ikastetxe batek halako zerbitzuan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete beharko lituzke:
    • Mota guztietako hezi diskriminatzailerik ez izatea (arraza, generoa, ideologia, sinesmen politikoak, erlijiosoak, gizarte- eta ekonomia-egoera, aniztasun funtzionala, etab.). Ez diot ideiariori uko egiten, bai, ordea, ikasleak horren arabera aukeratzeari. Jakina, kuotak eta beste iragazki ekonomikoak desagertu behar dira segituan.  
    • Gardena eta irabazi-asmorik gabekoa izatea. Gardentasuna kudeaketa ekonomikoari dagokionez ezarri behar da, baita eskolaren berezko jarduerei eta haren ondorioei ere. Kontuak ematea arlo guztietan ohikoa eta gardena izan behar da. Auditoriak ezartzea ezinbestekoa da
    • Demokratikoa eta parte-hartzailea izatea. Hezkuntza-komunitateak, beren estamentu eta interesen konplexutasunarekin, hezkuntzaren protagonistak izan behar dira, autokudeaketa-maila handiarekin. Argi eta garbi, printzipio horren barruan sartzen da langileen nolabaiteko hautaketa.
    • Ikasleen aniztasuna errespetatzea eta hari erantzutea. Bestela esanda, zentro inklusiboa izatea eta gizarte-kohesioaren eskakizun sozialei erantzutea. Hori dela eta, ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasun Indizea (Índize de complejidad educativa), ezinbesteko tresna dugu eta hezkuntza politikaren erdigunera ekarri behar dugu. Gizarteak jakin behar du Ikastetxe bat  —publiko zein itunpekoa— segregatzailea edo inklusiboa den eta horren arabera Administrazioak erabakiak hartu behar ditu.

Aurreko ezaugarriak aberastu ahal dira. Baina proposatzen dut Eusko Legebiltzarrean gehiengo kualifikatu batekin Euskal Hezkuntzako Zerbitzuaren birformulazioa onartzea —LOMLOEtik haratago— esandako ezaugarriekin eta ostean aztertzea zeintzuk parametro horiek betetzen dituzten ez zeintzuk ez, epe batekin egokitzeko.

  • Posible al da Euskal Hezkuntzako Zerbitzua hobetzea? Bai, jakina. Horregatik bere birformulazioa proposatzen dut eta horretan datza hurrengo erronka. Egunen batean dualtasuna desagerrarazi egin nahi badugu, eskola publiko deszentralizatuago eta eskola itunpeko publikoago egin behar dugu eta gure ametsa —euskal eskola publiko eta komunitarioa— hurbilago egongo da. Hezkuntza Zerbitzu horren finantzazioa finkatu eta parekatu behar da. Horretarako ikertu eta adostu behar da eskola-plaza baten kostua eta ondo kontrolatu baldintza publikoak, besteak beste, kuotak ez ordaintzearena. Badakit Estatuko itunen moduluen artean gurea altuena dela eta askorentzako mingarria dela finantzazioa parekatuaz hitz egitea. Baina askoz mingarriagoa da kopagoarekin sortzen den segregazioa eta langileen lepoetan erortzea infrafinantzazioa. Batere susmagarria ez den ahotsak, ELA sindikatuko Miren Zubizarretarenak, greba garaian horrelako adierazpena egin zuen: “La Administración le ha dado a la red concertada una función de subcontrata barata”. Noiz eta nola parekatu? Ez automatikoki. Lehenengo ikertu eta adostu finantzazioa duen konplexutasunarekin, gero berdefinitu Euskal Hezkuntzako Zerbitzuaren baldintzak eta, betetzen dituztenei, finantzazioa parekatu.
  • Zer leku tokatzen zaio Euskal Eskola Publikoari Euskal Hezkuntzako Zerbitzuaren barruan? Hegemonikoa, esango nuke nik. Ez da kapritxo ideologiko bat. Gizarte moderno bat oinarrizko eskubideak babesten ditu kalitateko zerbitzu publiko sendoekin (giza zerbitzuetan, osasunean eta gauza bera hezkuntzan izan beharko litzateke). Horiek dira benetan hiritarren babesaren bermea. Lurralde garatuenetan horrela da. Gogora ekarriko dut, berriz, Tedescoren ahots moderatua: “…si bien el Estado asume los intereses generales, su responsabilidad principal es representar a los excluidos. Sólo el Estado puede hablar por los que están afuera, por los no representados mediante organismos corporativos”. Gaur, Euskal Eskola Publikoak dituen gabeziak ezin dira aitzaki bihurtu bere alde apustua ez egiteko. Kalitatean eta kantitatean. Kalitatean: desburokratizatuz, parte hartzea indartuz, funtzionariotzaren eredua eraldatuz, ikastetxeei hornituz, tokian tokiko hezkuntza proiektuei hobeto erantzunez, komunitarioago bihurtuz… Eta kantitatean: hamarkada batean posible ikusten dut eskola publikoak Estatuan duen pisura, hau da, sistemaren 2/3era, hurbiltzea. Hori lortu ahal da interes soziala duten itunpeko ikastetxeak kaltetu barik.
  • Orduan, zer rol tokatzen zaio Administrazioari jokatzea? Administraziorako bi paper irudikatu ahal ditugu. Bat, litzateke sareen artean epailarena egitea, koordinatzea, neutraltasuna mantentzea. Bigarrena da, nire ustez, jokatu behar duena: Sare publikoaren jabea den neurrian, bere menpe dauden ikastetxeak zaindu, kalitatea hobetu eta exijitu, hedatu eta abar. Bermatu behar du sare publikoan plaza bat nahi duen orok izango duela. Gainera, jaiotze-beherakadaren testuinguru honetan premietara planifikazio egokitua egin behar da, ez badugu segregazioa areagotu nahi. Baina gizarte plurala garen heinean, ziurtatu behar du Hezkuntza Zerbitzua ondo hornituta dagoela eta aldi berean benetan kontrolatu ikastetxe guztiek baldintza publikoak betetzen dituztela: doakotasuna, gardentasuna, aniztasunari arreta, parte hartzea eta abar.

Aurreko guztia esanda, horra hor nire ponentziaren tesi nagusia: publiko-pribatuaren auzia zeharo alboratu barik, beste gako berri bati heldu behar diogu. Nik kokatu nuke eztabaidaren erdian beste ardatz bat: Zer da interes publikoa duen hezkuntza bat? Zer da interes soziala duen ikastetxe bat? Horretan datza akordiorako gure esparru komuna. Hori da gure gertuko garapen esparrua. Irizpide horren arabera, hainbat eskola publiko hurbildu behar ditugu parametro publikoetara eta, orokorrean, Eskolak Publikoak erreformak beharko ditu ametsetan dugun eskola komunitario horretara hurbiltzeko. Baina, aldi berean, itun unibertsalaren politika bere mugara heldu da. Dena ezin da itundu. Are gehiago: gaur egun badaude ikastetxeak interes sozialik ez daukatenak ezta asmorik ere ez. Abian jarri behar dugu politika bat non diru publikoz hornitu behar zaien benetan interes publiko eta soziala erakusten duten ikastetxeei soilik, eta ez guztiei. Interes soziala duten ikastetxeek tokia daukate Euskal Hezkuntzako Zerbitzuan eta lagundu behar zaie.

Bigarren eta hirugarren atalak deszentralizazioa eta autonomia hitzak izango ditut hizpide. Deszentralizazioa hitz zabalegia da eta bere baitan ikastetxeen autonomia hartu ahal du, baina bananduta jorratuko ditut.

40 urte pasatu dira hezkuntza transferentziak egin zirenetik. Estatu propio ez edukitzeari leporatu ahal zaio euskal administrazioan daukagun eredu zentralizatua, baina susmoa da ez ote den aitzakia, orain arte izan baititugu beste kudeaketa partekatuago sortzeko gaitasunak. Ematen du gu ere, euskaldunok, zentralistak izan gaitezkeela.

Hezkuntzak deszentralizazioaren norabidea ez dut zalantzan jarriko. Eskandinaviako lurraldeak miresten ditugu, baina, lehen Ingalaterraren kasuan esan dudan moduan, orain ere esan behar dut gu ez garela finlandiarrak eta tentu handiz eta zuhurtziaz jokatu beharko dugula deszentralizazioa desregularizazio ez bihurtzeko. Egun batetik bestera ezin gara pasatu sistema munizipalista batera. Gure erakunde-arkitektura ez da horrelakoa. Gainera, udalak ez dira bukaera-geltokia, eskola-komunitateak baizik. Udalak kogobernantzaren zati bat baino ez dira. Honetan ere zeintzuk izan behar diren gertuko urratsak ikusi beharko dugu. Lan komuna eta partekatuaren aldekoa naiz, baina niri ez litzaidake gustatuko Eusko Jaurlaritza ahulduta uztea eta hezkuntza eskubidearekiko dituen erantzukizunak diluitu udalen eta ikastetxeen artean. Une honetan, hastapenetan gaude eta udalek beren gain har ditzaketen gaitasunak honako hauek izan litezke: Eskola planifikazioan proposamenak egitea, udal bulegoak familiei informazioa eta orientabidea ematea, batez ere, etorkinei, udaleko edo zonaldeko matrikulazio bulegoak, hezkuntza formala eta ez formalaren arteko zubia eraikitzen laguntzea, hainbat programa hezitzaile eta eskolaz kanpoko jarduerak eta behar diren eskola kontseiluak edo mahaiak segregazioaren kontrako neurriak hartzeko esparru lokalean. Horri guztiari arkitektura instituzionala eman behar zaio eta negoziatu beharko da. Horrez gain, haur hezkuntzaren lehen zikloak goitik beherako birplantemendua behar du.

Ikastetxeen autonomiari buruzko gaian ere hainbat gogoeta partekatu nahi ditut deszentralizazioren ildotik. Ikastetxeen autonomia betidanik defendatu dut, Eskola Publikoaren hobekuntzarako ezinbesteko baldintza ikusten dudalako. Eskola publikoan jira kopernikarra eman behar da, hau da, ikastetxeak Administrazioaren asmoetara egokitu beharrean, Administrazioa ikastetxeen proiektuen esanetara egotea. Baina honetan ere zuhurtziaz jokatu behar da, inmobilismoan erori gabe.

Lehenik eta behin, ohartuta egon behar dugu, autonomia politika sistema neoliberalen oinarrizko tresna izan dela azken hamarkadetan ikastetxeen artean lehia sortzeko eta merkatuaren logika sisteman ezartzeko. Santos Guerra katedradunak gogoratzen digu gaurko eskola testuinguru neoliberalean mugitzen dela. Horrela deskribatzen du gaurregungo egoera: “El contexto neoliberal se sustenta en unos ejes que contradicen los presupuestos de la educación: individualismo, competitividad, obsesión por la eficacia, relativismo moral, privatización de bienes y servicios, olvido de los desfavorecidos…”. Deskribatutako testuinguruan, zaindu egin behar dugu autonomiak irrist ez egiteko desregularizazioaren, edo administrazioaren inhibizioaren maldatik. Bestalde, zuzendariek edo klaustroek ezin dute bahitu autonomia, baizik eta bere azken armailaraino jaitsi behar da: eskola-komunitateraino.

Nire bigarren gogoetarako, beste aipu bat hona ekarri nahi dut, kasu honetan nik neuk duela hamarkada bat idatzi nuena. “La autonomía escolar no es un fin en sí mismo, sino la condición de posibilidad y a la vez el resultado de procesos de construcción institucional para la mejora de los centros, siempre desde la perspectiva de los aprendizajes del alumnado en un marco de equidad y de servicio público. La autonomía de los centros… es solo marco posibilitador”. Hitz hauetatik bigarren ondorio bat deduzitu ahal da: Ikastetxeen autonomiaren politika bat indarrean jartzekotan, ez da automatikoa izan behar. Ikastetxe askotan ez dute hezkuntza proiekturik edo parte hartze komunitarioa oso ahula da eta, horrenbestez, dinamika horietan sartzeko ez daude prest. Ez dugu ahaztu behar desabantailetan dauden familiek ez dutela erraztasunez parte hartzen, kulturalki barneratuta ez dutelako edota euren bizitzaren ajeekin nahiko eta soberan dutelako. Hori ere kontuan hartu beharko da.

Ildo honetatik, eta hau nire hirugarren gogoeta, batez ere egoera zaurgarrian dauden ikastetxeek behar dute autonomia. Horiek lehenetsi beharko lirateke. Administrazioak lagundu behar die autonomia eraikitzen. Ikastetxe horiek, jakina, baliabide gehiago behar dute, baina batez ere pertsonal esleipen berezia, lidergoa duten zuzendaritza taldeak eta irakasle onenak eta trebeenak. Eta langile horiek pizgarriak jaso behar dituzte. Sindikatuek lagundu behar dute ataza horretan.

Kontratu-programak beharrezkoak dira eta horien bidez ikastetxeek ikasi ahal dute analisiak egiten, programatzen eta ebaluatzen. Baina autonomia politika bat ezin da mugatu kontratu-programetara. Euskal eskola publikoaren legeak eskatzen duen moduan, marko legal bat garatzea beharrezkoa da hiru esparrutan: antolakuntzan, kudeaketan eta pedagogian. Marko horretan definitu beharko da nola eta noraino eskola komunitateak esku hartze izan dezakeen pertsonalaren aukeraketan.

Bi apunte gehiago: autonomia ez da ikastetxeen lehiakortasuna pizteko. Horregatik oso inportanteak dira ikastetxeen arteko sare kolaboratiboak. Bestalde, autonomia politika batean ikuskaritza kidegoa funtsezkoa da. Alde horretatik, ikuskariei ataza burokratikoak arindu behar zaizkie eta ikastetxeen ebaluazioa eta aholkularitzaren dimentsioak indartu. Prozesuen akonpainamenduan ikuskari aditu eta trebeak behar ditugu.

Bukatzeko, bi hitz. Lehenengoa, gogoratzeko hitzarmenak eta legeak betetzeko eta betearazteko direla. Behin Nekane Agirreri, hezkuntza kudeaketan eskarmentu handia duen emakumeari, egin nion elkarrizketa eta titular moduan jarri nuen berak esandako honako hau: “Tenemos normas, pero ¡qué difícil es hacerlas cumplir!” Hitzarmen bat eta lege berri bat inportanteak dira, baina orain dugun arautegia soilik beteko izan bagenu, guztiz bestelako egoera batean geundeke. Ez dugu ahaztu behar hitzartzen duten eragileak ez direla indar berekoak eta ahulenak epe batean ezin direla sentitu engainatuta.

Eta azken hitza da eskertzeko oraingo Hezkuntza Sailaren burutzari erakusten ari den borondate politikoa horrenbeste aldiz atzeratu diren akordioak eta hezkuntza aldaketak abian jartzeko. Ez dakit nola bukatuko dugun, baina ezin gara ibili beti kexu eta gero aukerak alferrik galdu. Lagundu diezaiegun erronka eskerga hau aurrera eramaten. Hobeto esanda, lagundu diezaiogun elkarri, kalitateko euskal hezkuntza eta euskal gizarte kohesioaren mesedetan.

Eskerrik asko.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s