Berta Martínez: «Berrikuntza pedagogikoan eta teknologian geldoegi ari gara»

Batzuk ezagupenak transmititzearen aldekoak dira eta beste batzuk, ordez, konpetentziak jorratzearenak. Nire ustez ez dira kontran jarri behar bi kontzeptuak. Ezagupenak beharrezkoak dira konpetenteak izateko.

Esaten da arloak ebaluatu behar direla, zenbakiekin, baina konpetentziak ere bai. Hori ez da bidea. Honetan busti behar gara. Benetan bultzatu nahi baditugu konpetentziak, hauek ebaluatu behar dira, dituzten dimentsioak eta garapen mailak kontuan izaten.

Nahi badugu umeak eta gazteak beraien erabaki argudiatuak hartzea pentsamendu kritiko, pentsamendu analitiko, metakognizioa … hori guztia landu beharko da etengabe. 

Heziberrin artaziak hartu behar izan ziren baina ebaketa egin beharrean gehiketa egin zen aurreko curriculuma baino dentsoago bihurtuz… Halere, Heziberrik ekarritako aldaketariko positibo bat zeharkako konpetentziak nabarmentzea izan da. Gero nola gauzatzen dugun beste kontu bat da. 

Berritzeguneak berrikuntzaren lidergoa eduki behar du… aholkatzearena eta formazioa ematearena egiten da, baina berriztatzearena ez dakit lortzen den. Prestakuntzari dagokionez,  “investigación-acción-reflexión” eredua erabili behar dela uste dut.

Heziberri 2020 deitu zion Hezkuntza Sailak bere hezkuntza programari. Gezurra badirudi ere urte horretako bukaerara heldu gara eta pandemia garaian ego arren (edo hain zuzen abagune horretan gaudelako) une egokia da ebaluatzeko eta etorkizunari begira zeintzuk izan behar diren hurrengo urratsak irudikatzeko. Lan horretan laguntzeko, Berta Martinez elkarrizketatzea oso aproposa iruditu zait. Bertak ibilbide profesional luze eta aberatsa dauka 1986tik aurrera egina, hezkuntza munduko toki askotatik pasatu eta gero. Eskola publikoan hezia eta eskola publikoan aritua. Badaki zer den tokiz toki ibiltzea ordezko; badaki zer den behin-betikotasuna Barakaldoko hainbat ikastetxeetan; badaki zuzendaritza lanetan aritzea zer den; eta azken hamabi urteetan Barakaldoko Berritzeguneko aholkulari dugu. Berta adibide paradigmatikoa da erakusteko zer den “etengabeko ikaskuntza” konzeptua. Bilatzaile nekaezina, asko ikertu du metodologia berrietan eta teknologia berrietan, non ipinita daukan bere grinetariko bat.

Nola ikusten duzu gure hezkuntzan berrikuntza pedagogikoaren egoera? 

Nire iritziz, edo nire gusturako, geldoegi ari da berrizten hezkuntza. Agian, urte askotan aurreratuenetarikoak ginelakoan, erlaxatu egin gara. Eleaniztasun arloan esfortzu handiak egin ziren baina, alfabetatze teknologikoan, esate baterako, ez hainbeste. Egun, honen falta nabarmendu da. Sistemak, bai prestakuntza bai baliabide teknologiko alderdietan hutsuneak ditu baita lan handia egiteko ere. Hasteko, beste erkidegoetan duten bezala, gurean hezkuntza-plataforma digital potentea behar dugu. 

Berrikuntza pedagogikoa inoiz bor-bor egon da eta gero hoztu da? Bilakaera egon da?

Euskadin, elebitasunaren aldeko esfortzu itzela egin zen 80. hamarkadan eredu linguistikoak ezarri zirenean. Honekin batera, kontruktibismoa lantzen hasi zen haur hezkuntzan, Amara berri sarea, etabar. Hainbat mugimendu pil-pilean. Berrikuntza mugimendu horiek ikastetxe batzuek edo irakasle talde batzuek aurrera eraman zituzten. Ez ziren orokortu. Bere logika du: eskola-kultura oso tradizionala da, aldatzearen beldur eta aldatzeari erresistentziak adierazten ditu. Alde batetik, eskolak ziurtasunak eman nahi ditu gizakiok ziurtasunak atsegin ditugulako. Beste aldetik, berrikuntzak berak ziurgabetasun maila ere badakar. Hori dela eta, beharbada, eskolak, aurreko mendetan egin duena jarraitu du egiten, esate baterako, edukien transmisioei prozesu kognitiboak lantzeari baino garrantzi handiagoa ematen. 

Zer-nolako zailtasunak ikusten dituzu? Adibidez, Kultura profesional falta? Lehengo ereduaren seme-alabak garela? Hezkuntza Sailak benetako plataforma digitala bultzatu ez duela?…

Ba, aipatu dituzun hiruak. Batetik, unibertsitatean egiten den formazioa gaurkotu behar da. Eskolan bultzatu beharreko metodologiak bizi behar dituzte unibertsitatean. Niretzat, dezepzio itzela izan da azken urteotan sartu diren irakasle berri askok dakartzaten formazio tradizionala. Pentsatu daiteke, agian, adinagatik zailtasun handiagoak sortuko liratekeela metodoak berriztatzeko, baina sartzen ari diren irakasle berriak seguru sentitzen dira metodo tradizionalekin. Horrek esan nahi du ez dutela bere ibilbide formatiboan proiektuen bidezko lanak edo bestelako metodologiak behar den bezala erabili edo bizi. 

Gero sistema. Sistemak sistemak dira: burokratikoak, legeak, aginduak… malgutasun eskasa daukate. Eta sistemak zeukan malgutasun apurra galdu du azken urtetan. Hala bizi izan dut behintzat. Eta hori berrikuntzan oso seinale txarra da. Berrikuntzan aritzen garenok berritu behar dugu, probatu behar dugu, askatasuna eduki behar dugu… sortzeko aukera izan  behar dugu. Baina burokrazia-lanak lehenesten badira ez da denbora geratzen, eskoletan zein berritzeguneetan, ikaskuntza prozesuak  berriztatzeko. 

Eta azkenik kultura profesionala. Oso akats handia izan zen sexenioak lortzeko kontuan ez hartzea eginiko prestakuntza. Argi dago orokorrean formazioa ez dela derrigorrezkotzat jotzen irakasleen artean. Badago kopuru bat hiperformaturik dagoena eta gero dago beste honenbeste pentsatzen duena beraiek  badakitela eta ez dutela zertan ezer gehiago ikasi behar. Eta hori oso kaltegarria da. Hori ez da gertatzen beste edozein lanbidetan non etengabeko prestakuntza derrigorrez egin behar den.

Pasako gara konpetentzia kontzeptura. Gure azken bi oinarrizko hezkuntzari buruzko dekretuek konpetentzien markoan sartzen gaituzte, baina benetan sartu gara eredu honetan?

Saiakerak egiten ari gara. Eta gainera eztabaidak sortzen ari dira honen inguruan. Ez da soilik gure erkidegoko eztabaida, sare sozialetan ere sortzen da ezadostasuna. Batzuk ezagupenak transmititzearen aldekoak eta beste batzuk, ordez, konpetentziak jorratzearenak. Nire ustez ez dira kontran jarri behar bi kontzeptuak. Ezagupenak beharrezkoak dira konpetenteak izateko. Azken hauek haratago doaz.

Nola kokatzen zara gatazka horretan? 

Konpetentziak jorratzeko beharra, dudarik ez. Adibide bat jarriko dizut. Covid garai honetan Departamentuan, Berritzegunetan eta Ikuskaritzan, irakaskuntza ez presentzialari erantzuna emateko, teknologiari begira jarri gara. Erantzuna emateko, tresnen erabileraren ezagutza ez da nahikoa. Hau da, guztiz beharrezkoa da hezkuntza komunitatea konpetentzia digitalaren dimentsio guztiak jorratzea, informazio fidagarria bilatu eta sortzeko, nortasun digitala garatzeko, segurtasunez aritzeko…

Hau guztia lortzeko, alfabetatze prozesua ezinbestekoa da, irakurtzen eta ikasten jakiteko egin genuen bezala. Konpetenteak izateko, alfabetatze zientifikoa, artistikoa, emozionala, bisuala… ere guztiz beharrezkoak dira. Orokorrean, formazioz, ez ditugu alfabetatze horiek izan. Orduan, konpetentzietan irakasteko eta ikasleei konpetenteak izaten laguntzeko eskatzen digutenean, eman behar den lehenengo pausua da irakasleak alfabetatzea. Diziplinen ezagutza ezinbestekoa da. Edukiak, ezagutzak baliabideak dira konpetenteak izateko. Eztabaida hau soilik gurean egiten dugu. Guk badakigu sendagile konpetente bat zer den, edo arotza konpetente bat. Ba, gurean berdin. 

Alfabetatze ezberdinak aipatu dituzu: emozionala, digitala, zientifikoa… Falta zaigu hobeto definitzea alfabetatze horien edo konpetentzien edukiak? Eta jakitea nola ebaluatu? 

Hurbiltzen ari gara. Asko ikasi dugu, baina argi daukat etengabeko ikasketa-prozesuan aritu behar garela. 2006an LOE atera zutenean eta gero hemengo dekretuan, 2007an, oso ondo iruditu zitzaidan konpententzien inguruan agertu zena. Heziberrin ere bai. Paperean primeran, baina gero nola ebaluatu hori? Urteak pasatu behar izan dira argitzeko nola egin daitekeen. Nik uste dut konpetentzien muina disziplinaren baitan dagoela, baina ez asignaturetan. Curriculumak egiten direnean erdigunean hartzen dira diziplinak. Baina ez diziplinen baitako trebeziak. Horien artean daude pentsamendu kritikoa, sormena, pentsamendu analitikoa… Azken hauek landu behar dira benetan konpetenteak izateko. Adibidez, zientzialariak izateko, eduki deklaratibo zerrenda luzeak barneratu beharrean, zientziaren berezko prozesuak eta pentsamendu erak menderatu beharko ditugu. 

Batzuetan iruditzen zait Administrazioek tranpatxo egiten dutela, hau da, eskatzen dute konpetentzietan lan egitea baina segitzen dute disziplinen morrontzarekin… 

Bai, tranpa bi. Diziplinaka antolatzen da, zeharkakoak lantzen dituela disziplina bakoitzean txertatuta esaten du. Orduan eduki multzo berri bat edo irizpide berri batzuk zeharkakoei erreferentzia egiten dietenak sortzen ditu baina azken finean curriculumaren zati handiena da diziplinen eduki kontzeptualetarako. Betiko eduki deklaratiboak eta betiko irizpideak diziplina bat ebaluatzeko. Curriculumean, diziplina batzuetan beste batzuetan baino hobeto egin da. Hori ere esan behar dut. 

Bigarren tranpa ebaluazioa da. Horrekin haserretu nintzen. Esaten da arloak ebaluatu behar direla, zenbakiekin, baina konpetentziak ere bai. Hori ez da bidea. Honetan busti behar gara. Benetan bultzatu nahi baditugu konpetentziak, hauek ebaluatu behar dira, dituzten dimentsioak eta garapen mailak kontuan izaten.

Ezagupenen eta konpetentzien lehia berreskuratuz, ikusi ahal da atzean dagoena ez dela bakarrik kontu pedagogikoa, ideologikoa ere bada. Batzuk diote konpetentzien kontua azken bi hamarkadetan bultzatu direla OCDEtik eta enpresetatik.  Helburua da ikasleak prestatzea merkatuak behar duen hiritar eta langile eurek nahi duten moduan. Nola ikusten duzu diskurtso hau? 

Hezkuntza gizartearen agindu bat da. Beti  izan da horrela. Gizarteak esaten digu: “hemen dituzue ikasleak eta prestatu behar dituzue gizarteratzeko”. Garai batean oinarrizko ezagupenak ziren irakurtzea, idaztea eta kalkuloa, ezta? Eta horrekin nahikoa zen minimo batzuekin gizarteratzeko. Niretzat harrigarria da pentsatzea mende honetan transmisio horrekin nahikoa dela gizartean egoteko. Eskola ezin da egon gizarteari bizkarra ematen. Hori ez da posible. Eta garai batean belaunaldi bat gizarteratzeko balio izan zuenak momentu honetan ez du balio. Antonio Rodríguez de las Heras-ek dionez “Ikasleak egongo ez garen etorkizun batera bultzatzea da hezkuntza. Berrikuntzak leku ezezagun batera bidaltzea ahalbidetzen du”. Gure ikasleak, geroan, ez dira biziko gu bizi garen garaian. Gai izango dira? Tresna nahikorik izango dute egoki murgiltzeko? 

Askoren ustez orain mundu ezezagun baterako hezitzea da aitzakia hiritar esanekoak prestatzeko eta bakoitza bere buruaren enpresarioa izaten ikasteko. Horretarako malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna goraipatzen dute. Aldi berean salatzen dute ezagupen potenteen galera, eskola debaluatzen ari dela…

Gure belaunaldian ere ez zekiten nolakoa izango zen gizartea gu helduak izatean. Halere, batzuk ondo moldatu dira zekarten formazioarekin edo agian horiek “trebetasun bigunak” landuago zituzten eta egoeari moldatzeko habilezi gehiago izan dute. Baina, badakigu gure adinetako asko nekez murgiltzen direla egungo gizartean, ez direlako gai izan moldatzeko. 

Adituek diote VUCA deitzen dioten ingurune batean bizi garela. Hau da, aldakortasun (volatility), ziurgabetasun (uncertainty), konplexutasun (complexity) eta anbiguotasun (ambiguity) ingurunean bizi garela. 

Bizitzan erabakiak hartu behar dira egunero, ezberdindu behar da zer den fake news eta zer ez, pentsatu behar da zure erabakiak hartzeko. Nahi badugu umeak eta gazteak beraien erabaki argudiatuak hartzea pentsamendu kritiko, pentsamendu analitiko, metakognizioa … hori guztia landu beharko da etengabe. 

Konpetentzia marko horri gure administrazioak izen bat jarri zion: Heziberri 2020. Urte horretara heldu gara eta ebaluatzeko unea da. Heziberri superegitura izan da edo barneratu da ikastetxeen kulturan? 

Legeak dira gauza bat eta errealitatea beste bat. Zaila da eragin handia izatea. Uste dut markoa pentsatuta zegoela, marko orokor bezala ez zegoen gaizki. Artaziak hartu behar izan ziren baina ebaketa egin beharrean gehiketa egin zen aurreko curriculuma baino dentsoago bihurtuz. 

Garai honetan behar ditugu egitura malguak eta dokumentu irekiak, etengabe berregitea ahalbideratzeko, unean uneko egoerari erantzunez. Eskemak izan behar dira, askoz sinpleagoak. Halere, Heziberrik ekarritako aldaketariko positibo bat zeharkako konpetentziak nabarmentzea izan da. Gero nola gauzatzen dugun beste kontu bat da. 

Nola baloratzen duzu Prestakuntza Ekimen Globala (PEG)?  Ez da gertatu ikastetxeetan egin dutela derrigortuta, asko sinistu barik?

PEG ekimeneak Heziberri dekretuaren inguruko preskuntza ematea zuen helburu. Aholkulari bezala, irakasleriari formatzearen plana beharrezkoa iruditu zitzaigun. Gero nola gauzatu den, forma, epeak eta moduluen edukia, nire uste apalean, ez da izan nire etaparako proposatuko nukeena. Egia esanda, nire kasuan, lehen hezkuntzarako modulo guztiak berrantolatu eta berdiseinatu genituen.

Halere, aukera paregabea izan da zonaldeko eskola publiko guzti-guztietan marko pedagogiko bateratua eskaintzeko, prestakuntza doitua emateko,  eta prestakuntzaren alde praktikoa ikasgela guztietara heltzeko. Eskola batzuk eraldatzeko prozesuetan zeuden jadanik eta beste kasuetan prozesuari hasiera eman diote. Orduan, PEG ekimena, guztiz beharrezkoa, baina, modulo guztiak hiru urtetan derrigorrez egitea, batzuetan zazpi moduloak egin behar izana, eskolaren plan estrategikoa edo eskolaren lehentasunak kontuan hartu barik, hori ez zitzaidan egokia iruditu. 

Etorkizunari begira nondik jarraitu beharko luke Heziberrik? 

Galdera bat egingo nuke: Zer hiritar behar da gizarte globalerako? Gizarte horretan murgiltzeko baita eraldatzeko ere. Horretarako, zer trebetasun izango dira giltzarri gizarte horretan parte hartzeko? 2018ko PISA txostena atera da eta konpetentzia globala neurtu dute. Hantxe egon daiteke gakoa. Ikasleak, ulertu behar du bere inguru hurbilean zein testuinguru globalean gertatzen dena. Horretarako, begirada zabala eduki behar du, ikuspegi eta kultura desberdinak errespetuz onartu, komuneko ondasunaz jabetu eta defendatuz, … Eta hori lortzeko, lehenengo pausua da trebetasun pertsonalak eta sozialak jorratzea eskolan. Hauek guztiak Heziberriko zeharkako konpetentzietan adierazten dira.

Zuk uste duzu garbi daukagula gure sisteman Oinarrizko Hezkuntzaren irteera profila? 

Nire aldetik, LHko aholkularia izanik, seigarren mailako irteera profilaz esan ahal dut konpetentzia guztietan lortu beharrekoa ez dela oso errealista. Lehen esan dudan bezala, lehentasuna zeharkakoetan eta horiek dakartzaten prozeduretan eta trebezietan jarriko nuke. 

Zer-nolako balorazioa egiten duzu berritzeguneez? Zer birformulatuko beharko genitzuke?  

Nire ustez, Berritzeguneak berrikuntzaren lidergoa eduki behar du.  Berritzeguneak jaio ziren berriztatzeko, formatzeko eta aholkularitza emateko. Hauek dira eratzeko dekretuan aipatzen diren hiru funtzioak. Nik uste dut aholkatzearena eta formazioa ematearena egiten dela, baina berriztatzearena ez dakit lortzen den. Prestakuntzari dagokionez,  “investigación-acción-reflexión” eredua erabili behar dela uste dut. Modulo itxi batek ez du eraldaketa-prozesurik bultzatuko. Horretarako, hausnarketa sakonaren ondoren, testuinguruari doiketa eginez eta  sormena erabiliz preskakuntza-produktua eskaini ahal da. Hona hemen hirugarren lan ildoaren agindua: berrikuntza kontzeptua. Berrikuntzak sortze-prozesua du bere baitan, bai ala bai.

Zer behar dute berritzeguneek? Berriztatzeko enpoderamendua. Gero eta erabaki-maila gutxiago daukagu. Baina, guzti honek aholkulari-profil bat behar du. Zer baldintzak bete behar ditu aholkulari batek? Heziberriko irteera profilean eskatzen direnak gutxienez. Adibidez, konpetentzia digitalean B maila.

Baina batzuetan, Berritzeguneetako bakanteak azken ordezkoarekin betetzen dira…

Azken bolada honetan urgentziazko beharrei erantzuna emateko ezohiko sarbidea ireki da eta ondorioak ere pairatzen ari gara. Bai aholkularitzan bai irakaskuntzan, urteroko ebaluazioa ezinbesteko da. Bestalde, zerbitzu honetan sartzeko konpetentzien ebidentziak (ebidentzien porfolioa, esateko) aurkeztu eta ebaluatu beharko lirateke nire ustez. 

Eta epealdi zehatz bat, ez geratzeko betirako…? 

Hori ezagutu dut Andaluzia erkidegoan egiten zelako. Zerbitzu eginkizunetan daude eta gero bueltatzen dira jatorrizko eskolara. Hori izan liteke modu bat. Egia esan, gurean, urtero utz diezaoikegu postuari edo berritzeguneko zuzendariak ezgai ebaluatzea. Nire ustez, inportanteena ebidentzietan oinarritutako ebaluaketa da. Zer egin dut nik nire aholkularitza lanpostuan urte honetan? Zer sortu dut? Hau da, lehen aipatu dudan ebidentzien portfolioa tresna egokia iruditzen zait. 

Hainbat egilek diote berrikuntza mundu honetan sortu direla mila gauza egiaztatuta ez daudenak, mitoak sortu direla, benetan ebidentzietan oinarrituta ez daudenak. Kuestionatzen dituzte “neuromitoak”, teknologia berrien erabilera, edo Proiektuetan oinarritutako irakaskuntza ea potentea den…  Modan dagoen berrikuntza mundu honetan benetan ikertu da eta esan dezakegu proposatzen diren metodologia berriak sostengatuta daudela? 

Ikasleek, metodo tradizionalekin zein “modernoekin” ikasiko dute. Are gehiago, gu gabe ikasten dute, gizakiak garen heinean gure ADNean aprendizaia dagoelako. Gakoa da zein metodo aukeratzen dugun ikasle ahalik eta konpetenteen,  motibatuen, kritikoen eta abarren lortzeko, inor sistematik at uzteko eta guztien arrakasta lortzeko.

Berriztu nahi dugunean kontrako jarrerak egongo dira beti. Esate baterako, teknologia berrien kontran daudenei galdetuko nieke ea ez al diren teknologiak papera, arkatza, arbela, testu-liburua… Shopenhauerren hitzak erabiliko nituzke egiten didazun galderari erantzuteko: “toda verdad ha pasado tres fases en su proceso de aceptación. Primero, ridiculizar. A continuación recibe una violenta oposición, para finalmente ser aceptada como natural y evidente”. 

Hau etengabeko prozesua da. Beraz, eztabaida hori alde batera utzita, ikasle konpetenteak nahi baditugu argi dago ikaskuntza esanguratsua eskaini behar diegula, testuinguratuta, ikasleen ekintza bultzatzen duena… Irakasleok ikas-prozesu hori bermatzeko eta gidatzeko agindua dugu, nire ustez. 

Bukatzeko. Hezkuntza Sail berria dugu. Gomendiorik? 

Nire ustez, sistema modernizatzearen aldekoak izan behar dira. Honetaz gain, sistema publikoko langileak zaindu behar dituzte, erronka eta ziurgabetasun garai honen aurrean kontrolarekin ito beharrean, profesionalak entzunez, konfiantza izaten haiengan eta laguntza eskaintzen guztiok batera aurrera egiteko. 

Mila-mila esker, Berta. 


5 respuestas a “Berta Martínez: «Berrikuntza pedagogikoan eta teknologian geldoegi ari gara»”

  1. Avatar de Aritz
    Aritz

    A! Eta ahaztu zait esatea: ni ez nago itsu-itsuan berrikuntzaren alde! Argitu dezadan.

    Ez nago berritzeagatik berritzearen alde, hau da, berrikuntzak behar dira, nire ustez, gure hezkuntza helburuak lortzeko (kasu honetan, konpetentzien garapena) orain arte egin dugunak balio ez badu; aitzitik, nahiz eta konpetentzia hitza artean hezkuntza mundura iritsi ez, badaude ikuspegi integral edo holistiko honetatik lanean ari ziren eskolak, ikasleen garapen integrala bilatzen zuten eskolak. Berrikuntza bada irakasle-talde osoak euren esku-hartzearen gaineko praktika gogoetatsua egitea eta partekatzea, orduan bai, berrikuntzaren alde.

    Beraz, argi eta garbi, berritzeagatik berritzeari, EZ!

    Me gusta

  2. Avatar de Aritz
    Aritz

    Gonzalo!!!

    Bejondeizula! Elkarrizketa zinez interesgarria! Oso ados Bertak esandako gauzarik gehienekin! Hori bai, esaten dituenak egin ahal izateko, iruditzen zait, hezkuntza-sistemak deszentralizatuagoa izan beharko lukeela, ikasle guztien eskura egongo dena, baina deszentralizatuagoa.

    Konpetentziei dagokienez irakurri ahal izan dudan argitalpenik potenteena aurkeztu nahi dizuet. Jesus Mari Goñi eta Irene Lopez-Goñik elkarlanean idatzitakoa da. Hemen, lotura:

    https://books.google.es/books/about/Hacia_un_curriculum_guiado_por_las_compe.html?id=w8UprgEACAAJ&redir_esc=y

    Me gusta

    1. Avatar de gonzalolarruzea

      Eskerrik asko zure ekarpenengatik, Aritz!

      Me gusta

    1. Avatar de gonzalolarruzea

      Eskerrik asko aipamenagatik.

      Me gusta

Deja un comentario

Crea una web o blog en WordPress.com