Ana Eizagirre eta Xabier Mendizabal: “Proposatzen dugu indar metaketaren bitartez kohesioa eta justizia sozialerako euskal hezkuntza sistema eraikitzea”

XABIER MENDIZABAL

“Gure asmoa ez da izan adituez osaturiko hezkuntzaren behatoki tekniko bat sortzea. Ekimena irekiagoa da Hau prozesu sozial eraldatzaile bat abian ezartzea da, dokumentu tekniko eta koherenteak egitetik haratago dagoena. Hezkuntza sistema iraunkor bat eraikitzeko ezin da eztabaida plano politikoan edo teknikoan bakarrik kokatu… Bestalde, erakundeetan ardurak dituztenak ere ez dira eztabaidan parte hartu beharko luketen bakarrak. Hiritarrei parte hartzeko aukera ere eman behar zaie… herrian dagoen jakinduria guztia jarri behar da horrelako prozesu bat elikatzeko eta  bideratzeko.

Galdera da hiritarrok eta bereziki klase sozial ertainek zein eskola publikoa nahi dugun jakitea. Planteamendu hau interes pertsonaletatik haratago doan gaia da eta denon artean abordatu behar dugun erronka soziala.

Eskola publikoak bere printzipio ideologikoak indartu behar ditu bere desegituratze prozesuari aurre egiteko, eta gaurko gizarteari hobeto erantzuteko. Hezkuntzaren merkantilizazioak aldeak sortu ditu ez sareen artean bakarrik, baita eskola publikoen artean ere.”

 

ANA EIZAGIRRE

“Ekimena oraingoz Ehigen eta Heize elkarteekin sustatuta dago, baina irekiak gaude aldi berean lan egiteko edozeinekin…orain, populazio jaitsierarekin eta finantzaketa mahai gainean jarri dugunean, badago gizarte zati bat kapaz dena ez planteatzeko eztabaida, uste dutelako eztabaidarekin galtzen dutela.”

“Orain euskal hezkuntza sistemak, bere identitatea eta bere herrian kokatuta egon behar den sistemak, erantzun behar dio kohesio sozialari eta ekitateari.”

“Nik nabaritzen dut batzarretan, jendearekin hitz egiten duzunean, koadriletan… jendea aldaketaren alde dagoela.”

Gure hezkuntza eztabaidak kontsumismo aktibistaz elikatzen dira askotan. Gutxitan aurkitzen ditugu hezkuntza eragileen gogoeta lasaiak, sakonak eta irekiak, ez bakarrik beretarren kontsumorako. Ekarpen horietako bat egin berri dute HEIZE eta EHIGE elkarteek “Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar” dokumentuaren bidez. Talde lana izan dela ahaztu gabe, Ana Eizagirreri eta Xabier Mendizabali ekoizpen honen amatasuna eta aitatasuna egotzi ahal zaie inor mindu gabe. Horregatik oraingo abagunea eurekin patxadaz solasteko une egokia iruditu zait. Batzuetan topaketa batera helburu batekin zoaz eta beste fruitu hobe batekin ateratzen zara. Hala gertatu zait Ana eta Xabierrekin izandako elkarrizketa honetan. Dokumentuaren alderdiak aztertu nahi izan nituen, baina azkenean gehiago hitz egin dugu prozesuez eta aktoreez. Uste dut merezi izan duela elkarrizketatuek ni eramaten uztea. Hemen eskaintzen dut elkarrizketa luze hau. Azkeneraino irakurtzen duena ez da damutuko.

Dokumentuak zer oihartzuna izan du? Edo, agian, ibilbide luze batean pentsatzen ari zarete?

XABIER MENDIZABAL: Guk proposatzen dugun ibilbidea argia da. Gaur egun hezkuntza sistemak dituen ahulezi estrukturalei buruz gogoeta prozesu ireki bat egitea da proposatzen duguna. Guk gure gogoeta, talde sozial eta hezkuntza eragile batzuren gogoeta, azterketa eta ikerketatik abiatzen da, eta ezagutza guzti horri gure ezagutza propioa gehitu nahi diogu. Beraz, ikastetxe publikoek duten ezagutza hezkuntza sistema eraldatzearen zerbitzura ezartzea da gure asmoa. Hezkuntzari buruz gure ustez tirabirak sortzen duten informazio asko zabaltzen ohi dira (albiste, twiter, artikulu, argitalpen… ). Gure lana ez da plano horretan kokatzen eta bai, aldiz, eskola publikoari gehien eragiten dioten aspektuen eta aldagaien azterketa sakon bat egitera mugatu nahi dugu, gaurko egoerari irteera adostuak aurkitzeko. Bide honetatik joanda hezkuntza kohesioa eta justiziaren zerbitzura ezartzeko kontzientzia kolektiboa indartuko dela da gure itxaropena.

Baina gizartean igarri duzue erreakzioaren bat piztu duzuela edo erdi ezkutuan pasatu da?

ANA EIZAGIRRE: Nire ustez erdi ezkutuan pasatu da. Baina pentsatzen dugu oraindik benetan prozesu bat martxan jarri behar dela.

Eta zertan pentsatzen ari zarete? Zer  ibilbidetan?

ANA EIZAGIRRE: Gizpukoan egin da asanblada bat. Xabierrek aurkeztu zituen ildo nagusiak eta gero debatea egon zen. Eta larunbat honetan nik egingo dut gauza bera Bilbon. Araban otsailaren bukareran. (Oharra: Elkarrizketa Donostiko Tabakaleran urtarrilaren 16 egin zen).

Hori zuzendarien artean?

ANA EIZAGIRRE: Ez. Hori gurasoen artean. Azalpen orokor bat egingo dugu gurasoen aurkezpenetan

XABIER MENDIZABAL: Zuzendarien artean dokumentua partekatu dugu, eta era berean ohartu diegu lehen aipatu dugun prozesu berri bat ireki nahi dugula argitalpen horrekin. Dokumentuaren aspektu guztiak zuzendariekin elkar aztertzeko denbora ez dagoenez, gogoeta errazteko, gai nagusiak atal tematikoetan antolatzen ari gara. Horrela uste dugu hobeto ahalbidetuko dugula gai bakoitzaren inguruko gogoeta egitea. Hitz egiten baldin badugu segregazioaz, edo finantzazioaz edo gizartearen erronkez…, atalka joango gara gai bakoitzean sakontzen, nahiz eta gai askok elkar lotuta egon. Gure asmoa izango litzateke dokumentuaren zabalkundea egitea eta gonbidapena luzatzea pertsona orori bere ekarpenak edo balorazioak egitera. Beraz, argitara eman den dokumentua irekia da. Dokumentua osatzerakoan ez dugu bilatu inoren interesekin lerrokatzea, baizik eta eskola komunitateak eta jendartea gaurko egoerari buruz sentsibilizatzea. Izan ere, helburu honetan sakontzeko, elkarteek planteatzen ari dira gizarteratzeko komunikazio plan sendo bat egitea.

Kronogramarik daukazue?

ANA EIZAGIRRE: Hori egin nahi da ikasturte honetan.

XABIER MENDIZABAL: Bigarren fase batean planteatzen dugu identifikatzea garatu gabe edo erdi garatuta dauden aspektuak eta jarraipena egitea Behatokitik.

Zer lotura dago dokumentua eta dokumentuan planteatzen duzuen Behatokiarekin?

XABIER MENDIZABAL: Gure asmoa ez da izan adituez osaturiko hezkuntzaren behatoki tekniko bat sortzea. Ekimena irekiagoa da. Orain kolaboratzaile gogotsu batzuk osatzen dugu lantaldea, eta espero dugu jende gehiago elkartzen joatea, erreleboa egiten joateko . Behatokiaren ikuspegia bikoitza da: hezkuntza munduan bai arlo pedagogikoan, zientifikoan edo politikoan interesgarria izan daitekeena identifikatzea eta hausnartzea; eta bestalde, ideiak eta proposamenak ekoiztea. Baina ekoizpenak ez dute egon behar nahitaez lotuta erakunde baten pentsaerarekin. Gure proposamenekin nahiko genuke erakundeei laguntza eskaintzea sentsibilizazioa eta hausnarketa prozesuak burutzeko.

Orduan zuek zarete dinamizatzaileak, hau da, zuen Behatokia da, baina irekia…

ANA EIZAGIRRE: Ekimena oraingoz Ehigen eta Heize elkarteekin sustatuta dago, baina irekiak gaude aldi berean lan egiteko edozeinekin.

XABIER MENDIZABAL: Gainera bi elkarteei esaten diegu gure balorazio eta planteamenduekin ados ez egoteko autonomia eta baimen osoa dutela.

ANA EIZAGIRRE: Orain arte hurbildu diren gehienak eskola publikoarekiko gure moduko ikuspegia dukaten erakundeak dira. Ez dugu ikusi oraindik beste erakunde sozial batzuetatik interes handirik.

Hezkuntza Sailetik?

ANA EIZAGIRRE: Hezkuntza Sailetik bat ere ez.

XABIER MENDIZABAL: Bilbon Irailean egin genuen aurkezpenean, hezkuntzako eremu desberdinetan lanean ari den jendea etorri zen: ikastetxeak, aholkulariak, unibertsitateko irakasleak, Euskadiko Eskola Kontseiluko ordezkariak, alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak…Beraien aldetik jaso genituen inpresioak bat zetozen esatekoan gure ekarpena indartsua zela, eta entzundako gauza askorekin nahiko ados zeudela. Ondorioz, gure ekarpenean gogoetarako nahiko mami dagoela uste dugu, eta honek animatzen gaitu bide honetan sakontzen.

Dokumentuan planteatzen duzuena da eskola publikoa sistemaren ardatz egituratzailea izan behar dela, baina aldi berean garbitasunez aipatzen duzue Hezkuntza Zerbitzu Publikoa bat. Ematen du hori ere onartzen duzuela. Zein da azken finean duzuen hezkuntza sistemaren konfigurazioren eredua?

XABIER MENDIZABAL: Eskola publikoaren ibilbideak erakutsi digu, ikastetxeen kanpotik adituek, teknikariek edo politikek inposatutako eredu homogenetzaileek ez dutela funtzionatu. Uste dugu, eredu malgu eta deszentralizatu berri bat sortu behar dela eskola publikoarentzat, eta horrek denen konpromisoa eta parte hartzea eskatuko du. Eskola Publikoari ez zaio inoiz horrelako aukerarik eskaini.

Bestalde, eskoletatik pasatzen diren ikasle eta guraso asko nabarmendu gabe joaten dira. Irakasleen portzentai altu bat eskola batetik bestera ibiltzen da, eta koordinazioa lanetan edo zuzendaritzan dabiltzanak oso iraupen motza dute bere zeregin horietan. Eskola Publikoaren egonkortasun eza arazo bat da, eta egoera honi irteera bat aurkitu behar zaio. Galdera da, hiritarrok eta bereziki klase sozial ertainek zein eskola publikoa nahi dugun jakitea. Planteamendu hau interes pertsonaletatik haratago doan gaia da eta denon artean abordatu behar dugun erronka soziala.

Erronka gehiago soziala politikoa baino?

XABIER MENDIZABAL: Gauzak nola dauden ikusita, erronka izan daiteke gehiago soziala politikoa baino. Egungo politikek muga handiak azaldu dituzte hezkuntza sistemaren arazo estrukturalak konpontzeko. Kolore desberdinetako arduradunak pasa dira hezkuntzatik, eta hala ere denbora asko daramagu egoera konpondu gabe.

Arduradun politiko ausartak eta gaituak beharko dira sistemak dituen egiturazko erronkei irteera aurkitzeko. Horrekin batera, klase sozial ertainetan kokatzen diren hiritar progresistak sentsibilizatu beharko dira eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan dadin. Guk ahalegin horretan kokatzen garen eragileak izan nahi dugu, eta proposatzen duguna da indar metaketaren bitartez kohesioa eta justizia sozialerako euskal hezkuntza sistema eraikitzea. Hau prozesu sozial eraldatzaile bat abian ezartzea da, dokumentu tekniko eta koherenteak egitetik haratago dagoena.

Baliteke gertatzea behetik eraikitako prozesu hori, gero politikariek euren konponketetan erdi bidean uztea edo  zapuztea? Gogoratzen dut “Eskola Inklusiboa” Legegintzako Herri Proposamena bertan behera geratu zela minutu batean… Gizarte zibilak badauka modua alderdien politika baldintzatzeko?

ANA EIZAGIRRE: Nik uste dut baietz. Eta zuk jarri duzun adibidearekin jarraituz, egia da bertan behera  utzi zela politikarien aldetik LHPa eta horrekin medioek baztertu zuten gaia. Baina gaur egunean edozein batzarra egiten duzunean, ikastetxeetan, gurasoekin eta abar, jarraitzen dute LHP hori aipatzen, hau da, gizartean nolabait ideia hori geratu da.

Hoberen funtzionatzen duten ikastetxe gehienak euren inguruko gizartearekin lotu direnak dira. Gizartean planteatzen den edozein gaia eskola horietan tratatzen da, bai gurasoek gaia eramaten dutelako, bai komunitate osoa gizartearekin lotzen delako. Egia da bakoitza bere ikastetxean zentratuta dagoela, baina sentsazioa dago beste zeozer behar dela. Banaka ezin dira gauzak konpondu. Ikusten dut inplikazioa gizarte zati batetik laurogeiko hamarkadan baino handiagoa dela. Garai hartan ekintzak garatzeko zen gehiago; orain eztabaida dago ikastetxeetan.

Pentsatzen duzue posible dela momenturen batean beste erakunde batzuei (Kristau Eskola, Ikastolak…) gonbite egitea debatea zabaltzeko asmotan?

ANA EIZAGIRRE: Nire ustez, unea ailegatu da, baina gaia ez da eztabaidatu nahi. Hezkuntza sistemaren diagnosia eta etorkizuna eztabaidatzea hemen oso zaila izan da beti. Asko eztabaidatu ziren gauza batzuk garai batean, itundukoek bitartean gauzak lortzen zituztelako. Baina orain, populazio jaitsierarekin eta finantzaketa mahai gainean jarri dugunean, badago gizarte zati bat kapaz dena ez planteatzeko eztabaida, uste dutelako eztabaidarekin galtzen dutela. Batzuk ez dute batere argi eztabaidarekin irabazle aterako direnik. Nik ez dut esaten galtzaile bat egon behar denik. Esan nahi dudana da argi dagoela gauzak konpondu behar direla beste modu batean. Eta pribatu-kontzertatu mundutik beldurra diote modu berri horri. Baita publikoaren sektore batzuetan ere. Publikoan esaten duzunean, “publikoaren kontzeptua eztabaidatu behar dugu”, batzuk esaten dute “bai, baina publikoa izango da, ez?”. Bai, publikoa izango da, baina kontzeptua eztabaidatu daiteke, eta ongi aztertu gauden mendean norantza joan behar diren gauzak.

Prozesu luze batez ari zarete?

XABIER MENDIZABAL: Prozesua iraunkorra izateko ez da luzatu behar denboran, baina ezin da txikikerietan geratu. Akordiotarako behar den denborak markatuko du agenda berak. Nahiko da ikustea beste gai estrategikoetan gertatzen ari dena. Adibidez, eztabaidan dago estatutu berri bat edo elkarbizitzarako oinarrizko akordio bat lortzeko prozesua. Adituak eta ordezkari politikoak buru belarri sartuta daude ahalegin horretan, baina eragozpenak daude. Ez du inork ziurtatzen “hau bukatuta egon da halako datarako”. Eragozpenek aginduta agian denborak ere egokitu beharko dira. Eta hezkuntzan zerbait egonkorra egiteko horrelako zerbait imajinatzen dut. Garrantzitsua izango da gizarte kohesionatu eta justu bat amesten duten hiritarrek gogoeta piztea, eta gero ikusiko da zer adostasun mailara heltzen diren eta zenbat denbora behar duten horretarako. Askotan, denbora hauek ez datoz bat politikatik markatzen diren denborekin. Hezkuntza sistema iraunkor bat eraikitzeko ezin da eztabaida plano politikoan edo teknikoan bakarrik kokatu. Bestalde, erakundeetan ardurak dituztenak ere ez dira eztabaidan parte hartu beharko luketen bakarrak. Hiritarrei parte hartzeko aukera ere eman behar zaie, eta horretarako prozesuak beste denborak beharko ditu. Eskola bateko guraso, irakasle edo ikasle baten iritzia jakitea ere, edota hiritarren ekarpenak ezagutzea garrantzitsua izango da hezkuntza sistema egonkor bat eraikitzeko.

Bai, baina hori guztia nola egituratu? Zertan datza eskola komunitatearen benetako parte hartzea? Zerbait asanblearioa…?

XABIER MENDIZABAL: Kataluniako bezalako prozesuek erakusten dute hiritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzeak duen garrantzia. Ez dut esan nahi gure hezkuntza sistema propioa adosteko prozesu berdina bultzatu behar dugunik, baina seguru gaude eskola komunitatean hezkuntzaren erronkekin jende konprometitua dagoela, hezkuntzan inoiz kargurik izan duena edo gai horietan aditua ez dena, baina hezkuntzaren proiektu jasangarri bat egiteko ekarpen egokia egin dezakeena. Eta hau interesgarria izan daiteke besteek ezagutzea.

Hiritarrek eskubidea dugu kontsultatuak izateko, eta gainera Hezkuntza Sistema iraunkor bat adosteko, herrian dagoen jakinduria guztia jarri behar da horrelako prozesu bat elikatzeko eta bideratzeko. Behar bada lehen diseinua profesionalen eskuetatik abiatu beharko litzateke, baina era berean prozesu bat sortu beharko litzateke gizartearen parte hartzea bultzatzeko. Gure ekimenetik bultzatu nahi dugun dinamika gehiago kokatu nahi dugu bigarren aspektu honetan, Eskola Komunitatearen parte hartzea bultzatuz eta ez horrenbeste eragileen eta adituen artean. Apustua gizarte justuago eta kohesionatuago bat lortzea da, eta horretarako hezkuntza justiziaren ikuspegitik eraiki behar dugu.

ANA EIZAGIRRE: Nik pentsatzen dut diseinu bat egon behar dela, orain edo piska bat beranduago. Diseinurik gabe gauzak desagertu egiten dira. Ez nuke esango sistema asanbleario bat eraman behar dugunik euskal hezkuntza konpontzeko. Zergati asko daude horretarako. Lehenengoa da orain ez garela hasten eztabaida honekin. Gauza pila bat dakigu eta jakinduria hori sozializatu behar dugu. Gu zentzu horretan lan bat egiten ari gara: sozializatu dugu zati bat eta espero dugu sozializazio horretan jarraitzea esparru handiago batean.

Barkatu, baina lehendik ere ba zenuten oso dokumentu potente, “Euskal Eskola Publikoa Haratago” egokia eztabaida bultzatzeko. Zer dago orain lehen ez zegoena?

ANA EIZAGIRRE: Pasatu dira hamar bat urte kaleratu zenetik eta egin zen pentsatuz zer arazoak zeuden eta zer irtenbidea eman bakoitzari. Ez zen diagnosia egin orain egin den sakontasunarekin eta gainera egun ikusi dugu zer gertatu den krisia hasi zenetik orain arte. Ez daukagu gizarte berdina. Orain euskal hezkuntza sistemak, bere identitatea eta bere herrian kokatuta egon behar den sistemak, erantzun behar dio kohesio sozialari eta ekitateari. Hori guztia da oso ondo ikusten dugulako zer gizarte mota daukagun. Eta zer gizarte mota eduki nahi dugun. Horrek markatzen du asko zer hezkuntza sistema nahi dugun.

XABIER MENDIZABAL: Garai haietan Zuzendarien Elkartean geneukan gogoeta hezkuntzaren kalitaterako kudeaketa ereduak izan ziren. Sortzen ziren galderak ziren, “nondik datoz teknika hauek? Enpresa mundutik?”, eta eztabaida hark eraman gintuen planteatzera zer ulertzen genuen kalitatezko ikastetxe publiko bat izan behar zuela. Kalitatearen eztabaida hori elikatzeko eta bideratzeko sortu ziren hainbat adar tematiko (elkarbizitza, familien parte hartzea, zerbitzuak , teknologiak…). Idatzi genuen “Euskal Eskola Publikoa Haratago” dokumentuan kalitatezko eskola publikoaren eredu bat deskribatzen da, eta hezkuntzaren kalitatea sustatzeko aspektu haiek kontutan hartzea ere beharrezkoa ikusten dugu oraindik.

Orain eztabaida beste bat da, aurrekoaren jarraipena dena, baina eskola publikoarentzako une honetan garrantzitsuagoa. Konturatu gara gure hezkuntza poliki poliki talde-interesek cuasimerkatu batera bihurtzera bultzatu dutela, eta, azoka balitz moduan, hezkuntzaren merkatu bat sortzen joan da. Merkatu honetarako ikastetxe pribatuen patronalek bere plan estrategikoa espantsionistak diseinatu dituzte. Orduan, konturatu gara eskola publikoak ez daukala plan estrategikorik merkatu honetarako; eskola publikoaren erantzukizun ofiziala dutenek ez dutela interes izan eskola publikoaren hedapen jasangarrirako plan bat diseinatzeko. Hezkuntza Sistemak eta Eskola Publikoak gaur egun jasaten dituen desorekak, besteren artean, merkantilizazio prozesu honen ondorio dira.

Aurreko prozesuarekin batera, Euskal Herrian hausnarketa merezi duen beste fenomeno berri bat eman da: herri aberatsetatik etorri diren erronkak hain zuzen (lan mundua ulertzeko beste era bat, kontsumoa, sistema ekonomikoak sortu dituen arrakalak, globaltasunak ekarri duen deslokalizazioa, generoaren kontzientzia, ingurugiroak hartu duen garrantzia, eta abar). Aldaketa sozial sakonak etorri dira. Konturatu gara, gai hauek ere erronka potenteak planteatzen dizkietela ikastetxe publikoei, eta erantzun ideologiko heldu bat behar dutela, hezkuntzaren merkatutik haratago. Eskola publikoak bere printzipio ideologikoak indartu behar ditu, bere desegituratze prozesuari aurre egiteko, eta gaurko gizarteari hobeto erantzuteko.

Hezkuntzaren merkantilizazioak aldeak sortu ditu ez sareen artean bakarrik, baita eskola publikoen artean ere. Gaurko euskal gizarteak, eskola publiko ahaldundua eta izaera sozial nabarmena duena eskatzen du, eta izaera hori merkatu sistemak bultzatuta ahultzen joan da. Gaur egungo eskola publikoa ez da erabateko sare orekatu eta kohesionatu bat, nahiz eta azken urtetan urrats interesgarriak eman diren BIHE eta SAREAN elkarteen lan dinamikari esker.

Egoera honen aurrean, “Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar” lantaldean pentsatu genuen beharrezkoa zela berreskuratzea eskola publikoaren oinarri ideologikoak, eta Eskola Publikoaren Legean politikoki onartuak eta adierazita zeudenak. Horregatik, printzipio horiei arreta ezarri nahi diegu berriz. Gaur hezkuntzaren merkatuan saltzen diren eleaniztasun proiektuak, metodologia berrien paradigma diren ikaskuntzak, teknologia berrien merkatua… familiak liluratzea eta bere interesa erakartzea dute helburu. Baina sistema honen logikak beste ondorio batzuk ere ekarri dizkigu: segregazio egoerak, ikasleen maila sozioekonomikoen araberako eskolatze sistema, atzerriko ikasleen presentziak hainbat herritarrentzat sortzen dituen mesfidantzak…. Hezkuntza sistema hau jasangarria da? Datuek erakusten digute gaurko hezkuntza sistema, desberdintasunen erreproduzitzailea dala, eta euskal gizartearen kohesioa eta justizia soziala daudela jokoan.

“Euskal eskola publikoa, gaur, bihar” ekimenaren lehenengo helburua, eskola publikoaren oinarrizko printzipioen araberako hezkuntza publikoaren sare egituratu bat antolatzeko sentsibilizazioa bultzatzea izango da. Uste dugu eskola publikoek eskarmentu nahiko dutela, sare lana nola egin behar den eta kezkak eta ezagutza nola partekatu behar den sare bezala egiteko. Beraz, lehena da barne kohesioa indartzea.

Aurreko helburuarekin batera, eskola publikoak merkatu honen logikagatik galdu duen izaera berreskuratzea litzateke, eta bere izaera konpentsatzailea indartu hezkuntza jarduera inklusiboei lehentasuna emanaz. Hiritarrei ekitatean oinarrituriko kalitatezko hezkuntza eskaintzea izango da daukagun gizarte anitzaren aurrean euskal gizarteari eskola publikoak eskainiko dion ardatzeko proiektu soziala. Ekitatearen eta bikaintasunaren lorpenak bateragarriak direla frogatzen dizkigute ikerketek.

ANA EIZAGIRRE: Gaur egun hasten zarenean kohesio sozialaz hitz egiten, Arartekoak, Unicef, Save The Children eta horrelako erakundeek ateratzen dituzten datuak ematen dituzuenean, jendea gelditzen da esanez: “hori ezinezkoa da hemen gertatzea”. Uste dut momentu honetan ikuspegia aldatzen dagoela, jende asko konturatu delako bizi garen gizartea ez dela pentsatzen genuena.

Oso baikor ikusten zaituztet. Ematen du gauzak bilakatu direla eta heldutasun puntu batera ailegatu garela jauzi kualitatibo bat emateko…

XABIER MENDIZABAL: Orain arte ez dugu denborarik izan prozesu osoa diseinatzeko. Behar hori guk ere ikusten dugu, baina lehentasuna da argi esatea eskola publikoa merkatu sistema honetatik kanpo geratu behar dela. Gure ezagutza partekatzen baldin badugu, eta ez lehiatzen ibili, denon ezagutza bikoiztu egingo da. Eta hori erakutsi digu sarean lan egiteak. Gu barneratzen ari gara zer prozesu eraman behar dugun eskola publikoan izaera kolektibo bat sortzeko. Zertarako: Kohesio sozialerako. Guk hori nahiko argi ikusten dugu.

ANA EIZAGIRRE: Gauzak egin nahi ditugu lasai eta ondo pentsatzen. Guk jarraituko dugu esan dizugun bidetik. Zer dugu diferentea momentu honetan? Planteatzen bada gurekin kontatu gabe lege bat edo debate bat inposatzea, uste dut oso prestatuta gaudela, ez teoria aldetik bakarrik. Ikusten dut gizartea ere prest dagoela orain esateko: “Bale, hau eztabaidatu behar da, ekin dezagun”. Nik nabaritzen dut batzarretan, jendearekin hitz egiten duzunean, koadriletan… jendea aldaketaren alde dagoela.

4 pensamientos en “Ana Eizagirre eta Xabier Mendizabal: “Proposatzen dugu indar metaketaren bitartez kohesioa eta justizia sozialerako euskal hezkuntza sistema eraikitzea”

  1. Gustura irakurriko dut dokumentua, bai horixe!

    Ez dakit noraino iritsiko garen, baina proposamen interesgarriak, egon, badaude: Hik Hasik egindakoa, LAB sindikatuak egindakoa, EHIGE eta HEIZEK egindakoa…

    Euskal Eskola Publikoak izan behar du, ezinbestean, hezkuntza-sistemaren ardatza, baina eztabaida dezagun “publiko” hori zer den. Doakoa izate hutsak bermatzen du gure publikotasuna? Eskolen titulartasuna administrazioaren esku egoteak bermatzen du gure publikotasuna?…

    Hitz egin eta eztabaida dezagun, baina 1993tik motxila barruan ditugun zauriak sendatuta eta txokokeriak alde batera utzita, mesedez! Hil berria den Joxe Mari Auzmendik (Hik Hasi) halaxe esango zukeen!!!

    Le gusta a 1 persona

Responder a Aritz Cancelar respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s