Eskola-segregazioaren kontra, zeharkako borroka?

Berriki Esadek “Diversidad y libertad: Reducir la segregación escolar, respetando la libre elección de centro” izenburupean oihartzun mediatikoa jaso duen Lukas Gortazar eta Alvaro Ferreren ikerketa bat argitara eman du. Azpitituluak erakusten duen moduan, egileek ahaleginak egin dituzte bateratzeko, ahal izan duten neurrian behintzat, etengabeko borrokan dauden bi mutur horiek. Gure erkidegoari dagokionez, bagenekien eskola-segregazioan arrazoi sozioekonomikoengatik Estatuko laugarren erkidegoa ginela (“Mézclate conmigo”. Save the Children, 2018). Orain gehitu behar dugu ikasleen sorterriari begira, etorkinak gehien segregatzen dituen erkidegoa Madril dela, baina segituan –aldearekin, hori bai– Euskadi dator, 2012 eta 2015ko PISAren datuetan oinarrituta.

Eskola-segregazioak oharkabeko hautapen-mekanismoen bidez bizitoki-segregazioa handitzen duen fenomenoa da, euskal gizarte bezalako aurrerakoian lotsagarritzat hartu beharko genukeen fenomenoa, are gehiago gure izaera anitza eta mestizoa kontuan hartuta. Pare bat datu: Jaiotze tasaren beherakadak geldiezin dirudi: 2020 urtean, 14.721 ume jaio dira, ia 7000 gutxiago duela hamar urtearekin alderatuz gero. Gainera, lehenengo sei hilabetetan erditu ziren emakumeen %22k atzerriko nazionalitatea zuten.

Gizarte moduan arazo larri bat daukagu, isileko dualtasun soziala eraikitzen ari baikara. Deigarria hezkuntza arloan bizi izan dugun paralisia, adabakiak jarriz egiturazko aldaketak egin beharrean. Aipatutako ikerlanak dio: “Reformas recientes en distintos países desarrollados incluyen, entre otros, porcentajes mínimos y máximos de alumnos socialmente desaventajados en todos los centros, incentivos a los centros para priorizar alumnos socialmente desaventajados, evitar cuotas o copagos a la matriculación, mejorar los mecanismos de información y apoyo a padres y madres en procesos de escolarización, reformar los sistemas de asignación de plaza en caso de sobrematriculación en centros”. Azkena izan ezik, proposamen guztiak, ñabardurak ñabardura, “Eskola Inklusiboa” Legegintzako Herri Ekimenak jasi zituen. Horiek eta beste batzuk ere bai. Jakina denez, tramitatzeko ukazioa jaso zuen Eusko Legebiltzarrean (2018). Zeren zain gaude hezkuntza eragile guztiek lehenetsi behar genuen erronka honi aurre egiteko?

Dagokio, lehenengo eta behin, noski, Hezkuntza Sailari. Jakin badakit gaiak kezka sortzen duela egungo Saileko arduradunengan. Irrikitan nago jakiteko noraino iritsiko den euren ausardia, gai honek gizarte-zuntz oso sensiblea ukitzen duelako. Batzuek erronkaren tamaina ulertuko dute eta beren pribilegioak mugatuko dituzte, baina beste batzuenak mugatu egin beharko dituzte. Oraindik goiz da lana epaitzeko. Arazoa premiazkoa da, baina ideiak igogailuan igotzen dira baina gauzatze prozesuak eskaileretatik. 

Dagokie ikastolei euskal gizartearen argazkia asko mugitu delako, testuinguru politiko, sozialak eta kulturalak duela 60 urte zeudenekin oso diferenteak dira, eta ezin diote eutsi beren jaiotza justifikatu zuen defentsa identitario berari. Ikastolen eraikitze nazionalaren proiektuak sinesgarritasuna galtzen du, inklusiboa ez bada, ez badituzte egiten zuzenketak ikastoletara doazen familien osaketan. Ikastolak ohartuta daude garrantzi handiko erronka baten aurrean daudela eta deseroso sentitzen dira gizarteak gero eta gehiago kuestionatzen dituenean. Noraino beren mugimenduak azalekoak edo estrategikoak bakarrik izango diren edo noraino gure gizartearen konplexutasuna integratzeko gai izango diren laster ikusiko dugu.

Dagokio Kristau Eskolari, eskola-segregazioaren kontrako jarrera propio eta zalantza gabekoa garatu behar duena. Hemen bere identitatearen  sinesgarritasuna jokoan dago. Labur esanda, ez da ebanjelikoa zure espazioaz gehiago arduratzea justizia sozialaz baino. Inork ez du zalantzan jartzen ikastetxe batzuen konpromiso soziala. Baina Kristau Eskola elkartean dauden ikastetxek barne-eztabaida sortu behar dute, tentsioak sortuko duena planteamendu sozialak oso ezberdinak baitira.

Dagokio Eskola Publikoari eta bere titularitatea duenari, bere kalitatea etengabe hobetu behar duena eta zurruntasun eta morrontza batzuetatik askatu behar duena, klase ertainarentzat ere proiektu erakargarriak eskaintzeko. Zailtasunak zailtasun, hala gertatzen da maiz, baina, kontuz, aldamenean hazten dira aniztasuna itxura duten beste ikastetxe batzuk baina, finean, ikasle bananduen kontzentrazio handiak dira. Burgesia aurrerakoiak badaki bere ikastetxe publikoak aukeratzen (edo, hobeto esanda, badaki zein ikastetxe publiko ez dituen aukeratu behar), eta ikastetxe horietan badakite zer mekanismok babesten dituzten ikasle jakin batzuengandik. Zail samar onartzekoak dira zonalde bereko hainbat ikastetxe publikoen artean sortzen diren arrakalak.

Arestian, Zubiak Erakiz elkartearen beste ekimen batean parte hartu dut. Helburua, sare ezberdinen arteko hainbat kideren artean hezkuntza arloan gizarte kohesioaren aldeko adierazpen publikoa egitea. Azkenean elkarrekin argazkia ateratzea ez da posible izan. Denek beren erritmoak eta arrazoiak dituzte, errespetatzen jakin behar ditugunak. Baina bizi izandakoak arrasto positiboa utzi dit: hezkuntza proiektu diferenteen kideak izan arren, kezka soziala erakutsi dute; bileretan elkarrizketa zintzoak partekatu ditugu eta… beren esparruetan sortu ahal izan duten barne eztabaida.

Jakina, kontua ez da ekidistante jartzea eta Eskola Publikoak gizarte-ekitateari egiten dion ekarpena alde batera uztea. Baina publiko-pribatu dialektikak, garrantzitsua izanik, ez du agortzen segregazioaren fenomenoaren interpretazioa. Kontzientzia kolektibo bat sortu behar da, eskola-segregazioa etikoa ez izateaz gain ekonomikoki errentagarria ez dela ulertuko duena. Aliantzak egiteko lanari ekin behar zaio, eta eskola-bereizketaren aurkako fronte komun eta zeharkako bat eraiki behar da. Ideologia partikularren gainetik euskal gizarte kohesionatu baten alde lan egin dutenen artean. Aurrerabide horretan, eta ez beste interes partikular batean, nahiz eta zilegia izan, topo egingo dugu.


Una respuesta a “Eskola-segregazioaren kontra, zeharkako borroka?”

  1. Neurri batzuk har daitezke, zailtasun handirik gabe, integrazioa eta inklusioa aurrera eramateko, eta, alde horretatik, laguntza handia da Save the Children eta EsadeEcPol txostenean proposatutako paketea. Hala ere, eskola-segregazioa ez da erabat desagertuko baldin eta eskubide funtsatua, gaitasun ekonomikoa eta banantzeko borondatea dutenek hezkuntza-zerbitzuak modu diskriminatzailean eskaintzeko prest dagoena aurkitzen badute. Horrek badu zerikusi handia ikastetxea sortzeko eskubidea liberalismo ekonomikoaren ikuspegitik ulertzearekin.
    Segregazioa arintzeak ez du nahitaez bazterketa geldiarazten. Banaketaz harago, erronka saihestezina ikasle guztiek, beren egoera pertsonala edo soziala eta ikasketak egiten dituzten ikastetxea edozein izanik ere, eskola-arrakastaren benetako ikuspegia izatea da. Eta horretan neurri eraginkorrik, momentuz ez.

    Me gusta

Deja un comentario

Crea una web o blog en WordPress.com

Descubre más desde Hezkuntzaz

Suscríbete ahora para seguir leyendo y obtener acceso al archivo completo.

Seguir leyendo