Iñigo Salaberria (HEIZE): “Ez gaude inoren kontra, baizik denon mesedetan”

HEIZE une honetan erronka baten aurrean dago: Eskola Publikoaren ahalduntze prozesuan laguntzea.

Ikastetxeetako eguneroko bizitzak ez du laguntzen hausnarketa pausatua epe ertainari begira egiten. Xede horrekin Euskal Eskola Publikoa Gaur, Bihar HEIZEko proiektu estrategiko bat da eta berak badu berariazko lan dinamika.

(Euskal Eskola Publikoaz Harro). Talde anitza dago topagune horretan, ikuspegi ezberdin askotakoak, baina hainbat helburutan bat egiten dugu eta Eskola Publikoren babesa da… Badakigu zein den gure egungo egoera. Egun batetik bestera egoerak ez dira aldatuko, baina hobekuntza bat bilatu nahi baldin badugu zeozer egin beharko dugu.

(Hezkuntza Sailarekin) badago sintonia bat helburuetan eta ditugun erronketan, egoeraren irakurketan ere bai. Horrek kokatzen gaitu agente aktibo moduan hobekuntza prozesuan.

Kode etiko baten lanketan ari gara. Izan ere, kode etiko horrek behar du partaidetza, prozesu sakon bat guztiek bertan beraien ikastetxea ikusi ahal dezaten… Justizia sozialaren mesedetan lanean ari den orok baduela gure elkartean lekua.

Lezo Herri Eskolako zuzendaritzatik pasatu eta gero, gaur egun Iñigo Salaberriak HEIZEko (Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa) presidente jarduten du. Hondarribiko maisu honek Hondarribin bizitzen jarraitzen du, baina bere musika trebetasunei esker, Europa osoan zehar ibilitakoa da eta kontinenteko txoko asko, beraien hizkuntzak eta kulturak ezagutzeko aukera izan du. Bibolinjole eta abesbatzetako abeslari honek bere biografiaren une jakin batean uztartu jakin zuen musikarekiko grina bere beste bokazioarekin: irakaskuntza. Musikazalea den neurrian, armonia Iñigo definituko lezaken hitza da. Solaskide ona, azalpen pedagogikoz beteta daude bere azalpen luzeak, ulertarazteko asmoz. Iparrorratza ondo orientatuta, ez ditu gustuko, ordea, muturreko posizioak. Ezta protagonismoa ere. Abesbatzetan parte hartzera ohituta, guztion ekarpena baloratzen du: gazteenak eta beteranoenak, pentsakera batena eta bestearena. Gaur egungo eragile ezberdinekin solaskide usua dugu, eta euskal hezkuntza bizi den egoera berezi, konplikatua baina itxaropentsuaren lekuko pribilegiatua da.

Badirudi HEIZEren belaunaldi erreleboa eman dela. Zein da oraingo egoera? Erreleboak aldaketak suposatu ditu lehentasunetan? 

HEIZE une honetan erronka baten aurrean dago. Lau urteko honi begira planteatu genuen plan estrategiko bat, helburu bat gauzatuko duena: Eskola Publikoaren ahalduntze prozesuan laguntzea. Prozesu honek behar ditu agente ezberdin asko. HEIZEk ezingo du gauzatu bakarrik. HEIZEk gauzatu ahal izango du baldin eta berarekin batera familiak baditugu, baldin eta inguru ikertzailea gure alde badago. Ikastetxeok beraien barne hausnarketa barruan adierazten dizkigute behin eta berriz zein elementutan aurkitzen diren tresna faltarekin, ez dut esaten baliabide falta, baizik eta tresna falta ikerkuntza ikuspuntutik. Horretarako ezinbestean hirugarren hanka hori. Eta horregatik HEIZEren helburutako bat da Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkar harremana sendotzea horren mesedetan. Eta esparru ezberdinak daude: metodologikoa, emozionala, hizkuntzen glotodidaktika, digitalizazioa…

Zenbat zaudete egituran?

Egitura nahi baino xumeagoa da. Egia da asmatu egin dugula bidean elkarlanean aritu diren pertsonen nahi horiek luzatzen denboran. Urteetako ezagutza metatu duten pertsona horiek  emankor izaten uzten diote proiektuari? Ez. Bere barne ezagutza berrelikatzen asmatzen ez duen sistema bat antzua da. Ziur nago hainbat eta hainbat ikastetxeetan momentu honetan aurrean topatzen ditugun zenbait pareta gure aurrekoek bota egin zituztela eta guk haien aholkularitza behar dugu.

Baina Administrazioaren partetik sostengua daukazue?

Bai.

Zenbat pertsona zaudete liberatuta?

Bi pertsona. Hobeto esanda, bi jardun, pertsona ezberdinen artean banatuta. Sinisten dugu izaera koral horretan.

Momenturen batean pentsatu duzue sostengu hori edukitzeak zuen independentzia edo askatasuna murriztu dezakela?

Baldintzatu, alegia. Guk hasiera-hasieratik jakina dugu elkarte autonomo bat garela. Gure barne hausnarketa egiten dugu helburu jakin batekin: Eskola Publikoaren mesedetan lan egitea. Hori da gu biltzen gaituena. Biltzen gaituen horrek baldintzak dituela? Bai, asko. Noski. Pertsonak garen heinean eta harremanak ditugun heinean sortzen dira baldintzak. Baina gure jardunaren helburua baldintzatzen dute? Ez. Ezta  bideak ere. Guk uste dugu zerbitzu duin eta emankorra eskaintzen diogula Eskola Publikoari.

Urteak dira Ehigeren batera zoaztela. Ez dakit zer balantze egin duzuen. Batzuentzako beharrezkoa zen uztarketa hori; beste batzuentzako, ordea, kolektibo ezberdinak ordezkatzen dituzuen neurrian nahiago izan dute gehiago bereiztuta agertzea…

Printzipioz helburu berdinak bilatzen ditugu. Dinamika ezberdinak dira, kolektiboak izaeran ezberdinak garelako. Eta hala behar dute izan. Hori hala izanda, helburu berdinen mesedetan sortu ditzakegun sinergiak elikatu egiten ditugu. Zalantza gabe, badira elementu batzuek agian hainbeste partekatzen ez ditugunak, baina bai da egia elkarrekin gehiago garela. Zenbait elementuetan eskaini diegu ikuspuntu berritzaile bat sistemari, bereziki parte hartzearen ereduarena, parte hartze demokratikoarena.

Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar ekimenarekin zer harreman mota daukazue?

Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar elementu ardatzeko bat da HEIZEren jardunean. HEIZEren jardunak baditu esparru ezberdin batzuk. Baditu esparru koiunturalak, egunekoaren gestiorenak eta horrek arreta handia eskaintzera behartzen gaitu. Ikastetxeen koordinazioak asko eskatzen du, hirurehun ta berrogeita hamar ikastetxeez hitz egiten ari gara. Hortik jasotako hainbat eta hainbat gai Administraziora bideratzen ditugu. Baina bai da egia gure helburutako bat dela iritzi kritiko bat eraikitzea. Iritzi kritiko hori sortu, sustatu eta lagundu behar dugu ikastetxeen arteko elkar ezagutza horretatik. Baina horren aterki filosofikoa, diskurtso kokatuko duena, beharrezkoa da ere bai. Ikastetxeetako eguneroko bizitzak ez du laguntzen hausnarketa pausatua epe ertainari begira egiten. Xede horrekin Euskal Eskola Publikoa Gaur, Bihar HEIZEko proiektu estrategiko bat da eta berak badu berariazko lan dinamika.

Ez zenuten huts egin Unamuno institutuan aurkeztu zuten dokumentu interesgarriaren komunikazioan?

Komunikazioan eta zabalkundean huts egin, bai. Autokritika puntu bat badago. Horri irtenbideak ematen saiatzen ari gara. Baina komunikazio batean igorlea eta hartzailea beharrezkoak dira. Guk egin genuena izan zen igorlearena, baina falta izan zitzaigun hartzailearen benetako beharrak ondo taxutzea eta momentua ondo irakurtzea. Alde horretatik elkarteak aipatzen zituen planteamendu sakon horien hedapenean ez genuen behar bezala eragin.

EEPGB behatoki moduan zelan dago une honetan? Ea garai hobeak datozen…?

Ez. Ez. Lanean ari dira, gainera kide berriekin, dinamika horri geroa ere eskaini ahal izateko. Elkarte barruko jendea ere dinamika horretara lotu egin zaio eta hausnarketa horretan lanean ari dira gai ezberdinen inguruan. EEPGB-ek 2019ko irailaren 26an Unamunon dokumentua aurkeztu zuen, jarraian, pandemian, beste bi dokumentu ekoitzi zituzten eta aurrera begira ere orain beste bi helbururen inguruan lanean ari dira.  

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaz orain arituko naiz. Komunikabideetan agertu da sistema osoa publifikatu nahi duzuela…

Ez dakit egokiena den irakurketa hori. Euskal Eskola Publikoaz Harro bere oinarrian zer da? Eskola Publikoan egiten den lan onaren aitortza oinarrian du. Horrek gizarte osoari eskaintzen dio proiektuaren ikuspegi positiboaren sustapena.

Baina hainbat komunikabideetan agertu da hori dela benetan proposatzen duzuena?

Ez da hala. Aukeretako bat izan daiteke. Guk nabarmen daukaguna da: Eskola Publikoa dela herri honi justizia sozialaren mesedetan ekarpen handi bat egin duena eta egiteko gaitasuna duen proiektu bat dela. Helburu horren mesedetan logikoki egoeraren irakurketa bat egin behar dugu. Irakurketa horrek hainbat datu ematen ditu eta datu horiek ez dute laguntzen guk bilatzen dugun helburu horren mesedetan egoera dagoen bezala uzteak. Hori ez dut uste konponbide bat izan daitekeenik. Hor planteatzen dira aukera batzuk, anitzak. Planteamendua nola laburbilduko nuke? Ez gaudela inoren kontra, guztion alde baizik. Talde anitza dago topagune horretan, ikuspegi ezberdin askotakoak, baina hainbat helburutan  bat egiten dugu eta Eskola Publikoren babesa da. Sinistuta gaude eskaini diezaiokegula gizarte honi etorkizunari begirako proiektu oso emankor bat, bermatuko duena edozein zerbitzu publikok bermatu behar duena. Hemen dago gakoa. Badakigu zein den gure egungo egoera. Egun batetik bestera egoerak ez dira aldatuko, baina hobekuntza bat bilatu nahi baldin badugu zeozer egin beharko dugu. Guk proposamen batzuk mahai gainean jarri ditugu eta zehaztu dugu helburu komun eta partekatu bat, gainera jakinik gizarte osoaren mesedetan egiten dena. Ez inoren kontra, baizik denon mesedetan.

Hezkuntza Saila berriarekin eskatzen duzuen babesa pentsatzen duzu orain bai posiblea dela lortzea?

Jardunak aldatu dira, la dinamikak aldatu dira, bilakaera eman da harreman horretan, helburuen partekatze eta lerrokatze bat ikusten ari gara. Orain zantzuak diren horiek egitate bihurtu behar ditugu. Lau urte ditugu aurretik gauzatu dadin. Erronka asko ditugu euskal eskola sisteman eta bereziki sare publikoan. Badago ikasleriaren erronka, badago emaitzen erronka, euskararen komunikotasun gaitasunaren erronka, badago eraikinak nola ditugunaren erronka, badago zuzendaritza taldeen formakuntza ereduaren erronka… Erronka asko daude.

Orduan, zerbait diferente igarri duzue? Zer puntutan zaudete Hezkuntza Sailarekin? Itxaropentsu zaudete?

Bai. Partekatua eta zabaldua da kideen artean lan dinamika horiek hurbiltasunaren ikuspuntutik emankorrak direla. Badago sintonia bat helburuetan eta ditugun erronketan, egoeraren irakurketan ere bai. Horrek kokatzen gaitu agente aktibo moduan hobekuntza prozesuan.

Pare bat edo hiru lehentasunak markatu nahi izanez gero, zeintzuk lirateke?

Lehendabizi, gure izaerari begiratuta, zuzendaritza ereduaren eta formakuntzaren ingurukoa. Edozein eraikitze prozesuan zuk behar dituzu kuadro formatu, aktibo eta kritikoak, epe motzetik epe ertainari begira jardungo dutenak. Horretarako kuadro horiek sortu eta formatu egin behar dira. Horrek ez du zerikusirik zuzendarien kidegoa sortzearekin. Bigarrena: berrikuntza metodologikoarena. Ikastetxeek beraien proiektuaren bilakaera bat egin beharrean daude. Batzuk egin dute eta benetan emaitza oso arrakastatsuak ematen ari dira beraien proiektuak punteroak direlako. Gure sistemak baditu hainbat eta hainbat proiektu arrakastatsu, baina ez du asmatu hedatzen. Badaude laurogei hamarkadatik datozen Antzuola proiektua, Amara Berri, horren irudira egindakoak. Gaur egun adieraziko nuke Kalitatea Hezkuntzan, baina gure erronka erkidego bezala da hedatze gaitasuna eskaini behar diogula gizarteari. Berrikuntza metodologikoarekin lotzen dut zerikusi zuzena duen digitalizazioa. Horretan jardun metodologikoaren berrikusketa egin behar da. Berria den guztia ez da ona eta zaharra den guztia ez da txarra. Eta hirugarrena, parte hartze eredua eta hau lotzen dut Ehigerekin daukagun lan ildoarekin. Ikastetxe partehartzaileak ezinbestekoak ditugu.

Aipatu dituzun digitalizazioren ildotik, lehenik eta behin zorionak! duela gutxi egin dituzuen Jardunaldi Digitalak beste behin arrakastatsuak izan direlako.

Hala izan dira. Egin berri dugu ebaluazioa bilera eta aurtengo zenbakiak izugarriak izan dira: 650 izen emandako, eskaini ziren hitzaldiak bideo streaming bidez 3000 ikustaldi inguru bi egun horietan. Baina hori baino askoz ere garrantzitsuagoa da ikasturte guztian zehar garatzen den hausnarketa lanketa. Horrexegatik ikastetxeen eskura jarri ditugun hitzaldi guzti horiek gure You Tubeko kanalean. Esanguratsua egiten zait, oso, aurreko astean bideoak jarri genituenetik, honez gero mila ikustaldi izan dituztela. Horrek ere aurrera begira ematen digu informazioa nondik doazen ikastetxeen interes guneak. Horren irudira ere hasiko gara eraikitzen VII Eskola Digitala jardunaldiak.

Nola gaude erkidego mailan digitalizazio prozesua?

Hau lotuta doa Eskola Digitala sorburuaren helburutako batekin. Eskola Digitala sortu genuen beharrezkoa eta estrategikoa ikusten genuelako Eskola Publikoak behar zuela bere digitalizazio plan propio bat. Digitalizazio prozesu hori bakarra eta uniformea izango da ikastetxe guztientzat? Ez. Baina ikastetxe bakoitzaren prozesua eraikitzeko bide lagun ezinbestekoa Administrazioa da. Administrazioak bermatu behar du plan horrek izango dituela elementu estruktural komun batzuk. Eta ondoren autonomia ereduari begira bakoitzak estandar horien arabera eraikitzeko ahalmena izatea.

Jardunaldi digitaletan beti agertzen dira argitaletxeak, enpresa teknologiko handiak. Batzuk pentsatzen dute hezkuntza mundua geratzen ari dela enpresa teknologiko erraldoien eskuetan eta handik kritikak sortzen dira. Katalunian, adibidez, Google ekiditeko alternatiba bat sortu da. Ez dakit noraino ailegatuko diren. Kritika horien aurrean nola kokatzen zarete?

“Baño de realismo”. Idealizatuak izan daitezken irakurketak zilegi dira. Baina egunerokoari erantzun behar zaio eta momentu honetan ditugu ditugun tresnak eta etekina atera behar diegu. Hori horrela da. Gauzatu daitekeenik aldaketa orokor bateratu bat? Nik zaila ikusten dut. Ikastetxeek beraien bilakaera egin dute. Arkitektura eraiki egin dute. Erabaki asko hartu dituzte. Inbertsio asko ere bai horren mesedetan eta beraien egunerokoari erantzuten diote. Azkenean balantzan jarri behar dugu egunerokoak eskatzen dizun hori eta ideala litzatekeen hori. Hala ere, sei urte hauetan enpresekin egin dugun elkarlanaren ondorioz, enpresek ere beraien ikuspuntua aldatu, bilakatu eta errealitatean bizi ditugun beharretatik hurbilago daude eta hori ere bai da eskola digitalaren arrakastako bat, alegia, hau ez da gailuen salmentarako feria huts bat. Ez. Horrela irakurtzen duenak ez du jarraitu eskola digitalaren bilakaera. Aurreiritzi baino ez da.

Azken galdera, Iñigo. Behin aipatu zenidan lantzen ari zinetela Eskola Publikorako kode etiko bat. Garatu ahal duzu apur bat puntu hau?

Lanketan ari gara. Izan ere, kode etiko horrek behar du partaidetza, prozesu sakon bat guztiek bertan beraien ikastetxea ikusi ahal dezaten. Baina argi dago guk, HEIZE bezala, daukagun dekalogoa. Eta dekalogo horretan nabarmen geratzen dena da justizia sozialaren kontra dauden jardunetan eta erabakietan ez dagoela kokatuta. Alderantziz, justizia sozialaren mesedetan lanean ari den orok baduela gure elkartean lekua.

Orduan prozesuan zaudete?

Bai, bai. Baina kode etiko hori ez da deus oso alanbikatua izango. Gauza oso ulerterreza izango da, eta bat datorrena, ongi etorri.   

Eskerrik asko, Iñigo. Urte berri emankor!

Un pensamiento en “Iñigo Salaberria (HEIZE): “Ez gaude inoren kontra, baizik denon mesedetan”

  1. Kaixo,

    Asko gustatu zait elkarrizketaren titulura ekarritako elkarrizketaren zatia: “Ez gaude inoren kontra, baizik denon mesedetan”. Tamalez, Euskal Herri “santu” honetan ez dira horrelakoak askotan entzuten. Anarik bere abestietako batean dioena hona ekarriz: “Zerbaiten alde egin ordez, beti zerbaiten kontra”. Eta alde egiten hasita, egin dezagun, bai, denon alde, gure ikasle guztien alde.

    Le gusta a 1 persona

Responder a Aritz Cancelar respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s